Politika -
Andaluzia
Sevillako epaitegien 'erabateko' lankidetza goraipatu du Servinik
Errepresioaren bi biktimen deklarazioa hartu du Argentinako epaileak Marchenan eta Carmonan (Sevilla). Servini frankismoko krimenen aurkako kereila zuzentzen ari da.
Erredakzioa
Maria Servini de Cubria Argentinako epaileak errepresioaren bi biktimen deklarazioa hartu du Marchenan eta Carmonan (Sevilla) eta bi udalerrietako epaitegien "erabateko" lankidetza goraipatu du. Servini frankismoko krimenen aurkako kereila zuzentzen ari da.
Paqui Maqueda Argentinako kereilari babesa emateko plataformako kideak azaldu duenez, hirugarren deklarazioa ostiral honetan hartuko du 12:00etatik aurrera Sevillako epaitegietan.
Lehenengo, 78 urteko Antonia Parra galdekatu du Servinik Marchenan. Parra bere aita hil eta gero jaio zen. Aitaren gorpua ustez herriko hobi handi batean dago.
Ondoren, Carmonako epaitegietan, 88 urteko Francisco Rodriguezen deklarazioa hartu du Argentinako epaileak. Hiru senitarteko galdu zituen Rodriguezek frankismoan. Bi osaba eta aitona fusilatu zituzten.
Ostiral honetan, 94 urteko Francisco Marin galdekatuko du epaileak. 13 urte zituen aita Sevillako hilerrian fusilatu zutenean.