Politika -
Gaixotasun larriak
Etxerat: 'Gobernuak preso gaixoen tratamendua oztopatzen du'
PPren Exekutiboak 2011z geroztik gaixotasun larriak edo sendagaitzak dituzten presoak espetxetik ateratzeko bidea itxita duela salatu du presoen senitartekoen elkarteak.
Erredakzioa
PPren Gobernuak 2011z geroztik gaixotasun larriak edo sendagaitzak dituzten presoak espetxetik ateratzeko bidea itxita duela salatu du Etxerat presoen senitartekoen elkarteak. Etxeraten hitzetan, presoen tratamendu medikoak "sistematikoki oztopatzen" dituzte.
Kolektiboaren ahotan, "gaixotasun larriak" dituzten 12 presok kartzelan jarraitzen dute, "presoaldi arindua edo beste neurri batzuk aplikatzeko aukerarik gabe". 12 presoek minbizia edo ihesa dute, erantsi du Etxeratek.
"Garaipen politikoak lortzeko sufrimendua eta oinazea zabaltzeko tematurik" jarraitzen dute Espainiako eta Frantziako gobernuek, Etxeraten esanetan. Horregatik, 12 pertsonak espetxean mantentzen dituzte, erantsi du. Gainera, preso horien tratamendu medikoak "sistematikoki" oztopatzen dituzte.
Senitartekoen kolektiboak azaldu duenez, 2008tik 2011ra arte 12 presok presoaldi arindua aplikatzea lortu zuten. 2011z geroztik, "ETAk su-etena ezarri eta bake prozesua hasi eta gero", eritasun larriak edo sendagaitzak dituzten presoei ez diete kartzelaldi arindua edo beste neurri berezirik aplikatu, bide hori "behin betiko itxi dute".