Politika -
Atxiloketa Gipuzkoan
Juan Mari Maizkurrena ETAko kolaboratzailea atxilotu dute Hernanin
Ertzaintzak Maizkurrena atxilotu du. ETArekin kolaboratzeagatik zazpi urteko espetxe-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Zigorra betetzeko atxilotu dute.
Erredakzioa
Ertzaintzak Juan Mari Maizkurrena Urkizu atxilotu du Hernanin (Gipuzkoa). ETArekin kolaboratzeagatik zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, eta orain dela gutxi erabakia berretsi du Auzitegi Gorenak.
Atxiloketa 14:30 aldera egin dute Maizkurrenaren etxean, Ereñozu auzoan, Ertzaintzako iturriek jakitera eman dutenez.
61 urteko Maizkurrena 2010eko otsailean atxilotu zuten, Hernaniko baserri batean, ETAko kideei ostatu emateagatik eta ezkutatzeagatik. Besteak beste, Ibai Beobide Arzari ostatu eman zion Maizkurrenak. Guardia Zibilak Beobide atxilotu zuen Villabonako (Gipuzkoa) errepide batean, bizikletan zihoanean.
Duela urtebete zazpi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten ETArekin kolaboratzeagatik. 2013ko maiatzaren 4an Auzitegi Nazionalak atxilotzeko agindua eman zuen. Orduan ere, gaur bezala, Ertzaintzak atxilotu zuen.
Helegitea
Hala ere, Maizkurrenak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenaren aurrean, eta fidantzapean kartzelatik atera zen.
Gorenak zazpi urteko zigorra berretsi zuen iragan apirilean, eta sumario berdineko beste bi lagun absolbitu zituen.