Politika -
Aberri Egunaren ostean
PSEk federalismoaren aukerarekin bat egiteko eskatu die nazionalistei
Borja Semperrek, bestalde, zuhurtziarantz abiatzeko eskaera luzatu dio EAJri eta Sortuk, "elkarbizitza bultzatzeko diskurtsoek etorkizunik ez" dutela adierazi du.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EE idazkari nagusiak sozialistek proposatutako Konstituzioa aldatzeko proposamen federalarekin bate egiteko eskatu die euskal eta kataluniar nazionalistei, bere ustean, "seguruenik" aldatzea Estatuan ondo txertatzeko "konponbide eta irteera bakarra" da-eta.
Bilbon egindako adierazpenen arabera, Pastorrek mezu "nahasia eta zalantzagarria" botatzea leporatu dio EAJri -Aberri Eguna zela eta-, "ez dute azaldu zer proposatu duten", esan du.
Gainera, onartu egin du Patxi Lopezen legealdian zorrak gora egin zuela, baina "zerbitzu publikoetan murrizketak ez izatearren egin zen".
Aberri Egunaren harira "nabarmendu daitekeen lehenengo gauza da", azaldu du Pastorrek, "EAJren arabera euskal herritar guztien jaia dela, eta nazionalista guztien jaia ere ez da". Pastorren iritzian, ezker abertzalearen eta alderdi jeltzalearen arteko "erabateko zatiketa" azaleratu du atzoko jaiak.
Ordezkari sozialistaren iritzian, Aberri Eguna "herrialdearen benetako arazoetaz ez hitz egiteko aukera paregabea izan da beste behin".
Zuhurtziarantz abiatzeko eskaera
Borja Semperek, berriz, Euskadiko PPren ordezkariak zuhurtziarantz abiatzeko eta norabidea aldatzeko eskatu dio EAJri, horrela, "elkar ulertzeko esparruak zabaltzeko" eta "herritarren mesedetan zerbait lortzeko".
Semperrek hedabideen aurrean egin ditu adierazpenak, Donostian, atzo, igandea, EAJk Aberri Egunaren harira esandakoez iritzia emateko. PPri gezurra esatea leporatu dio Semperrek Andoni Ortuzar EBBren presidenteari.
Etorkizunik gabeko diskurtsoa
Eusko Alderdi Jeltzaleak Aberri egunean egindako hitzaldia hizpide izan du Sortuk. “Estatu espainiarrarekin elkarbizitza sustatzearen aldeko diskurtsoek etorkizunik gabeko egoeran uzten dute gure herria”, adierazi du.
Prentsa oharra kaleratu du alderdi abertzaleak eta EAJren hitzak izan ditu hizpide. Sorturen aburuz, “azpimarragarria da EAJk Espainiarekin elkarbizitza sustatzearen alde egitea, eta hein berean, ezker abertzalearen aurka aritzea”.