Politika -
Aberri Eguna
Euskal Herri independentearen aldarria zabaltzea espero du LABek
LABeko idazkari nagusiak "kontrako bidea egitea" egotzi dio EAJri, aldebikotasunaren aldeko apustua egiteagatik.
Erredakzioa
Igandeko Aberri Egunak Euskal Herri independentearen aldarria sektore gehiagotara zabaltzeko balioko duela espero du Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak. Halaber, LABeko idazkari nagusiak "kontrako bidea egitea" egotzi dio EAJri, aldebikotasunaren aldeko apustua egiteagatik.
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketan biharko Aberri Eguna hizpide izan du Etxaidek. "Euskal Herri independentea bultzatzeko eta sektore gehiagotara zabaltzeko eguna izatea espero dut; egungo dependentzia, aitortza falta eta etorkizuna erabakitzeko ezintasun egoeraren aurrean, alternatiba izatea", azaldu du.
Elkarrizketa horretan EAJren jarrera kritikatu du Etxaidek."Burujabetzaren alde egiten duen orok egingo lukeen bidearen aurkakoa egiten ari da EAJ, Estatuaren inboluzioaren aurrean aldebikotasunaren aldeko apustua eginda", esan du.
Azaldu duenez, "zaila da datorren urtean egoera ezberdina izango dela pentsatzea, baina hala bada, gizarteak abertzaleen arteko akordioari emango dion bultzadari esker izango da. Gaur egun, uste dut garrantzitsuagoa dela Aberri Egun bateratua izatea baino jendetsua izatea".