Politika -

Adierazpenak

Patxi Lopez: 'Askok ahaztuko lukete independentzia, prezioa jakitean'

PSEren idazkari nagusiak espero du alderdiek estatutu-eremu berria adostu ahal izatea, eta uste du ez dela subiranotasun baztertzaileetarako garaia.

Patxi Lopez. Argazkia: EiTB.
Patxi Lopez. Argazkia: EiTB.
Patxi Lopez. Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez PSEren idazkari nagusiaren ustez, independentzia "edozein preziotan" eskatzen dutenek "ez dute benetako prezioaz hitz egiten". Izan ere, bere esanetan, hori jakinez gero jende askok baztertuko luke helburu hori, "eta beldur dira". EFEri emandako elkarrizketa batean, Lopezek esan du ez dela "subiranotasun baztertzaileetarako garaia, Europari subiranotasuna lagatzekoa baizik ". Halaber, adierazi du espero duela EAEko alderdiek estatutu-eremu berria adosteko ahalmena izatea, gizarteak gero baieztatu ahal izan dezan.

Kataluniako eta EAEko independentisten inguruan galdetuta, independentziaren alde edozein preziotan daudenek  inoiz ez dutela ordaindu beharreko benetako prezioaz hitz egin nahi izaten kritikatu du PSE-EEren idazkari nagusiak. Ordaindu beharreko prezio hori Europatik kanpo irtetea dela azaldu du, "baina gainera kostu ekonomikoa ere badu zerbitzu publikoei, gizarte-laguntzei eta pentsioei dagokienez, eta Euskadin ezin izango genuke prezio hori ordaindu".

Patxi Lopezek uste du Katalunian arazo bat dagoela, "ez kataluniarrekin, bertako independentistekin baizik. Demokraziak berak esandakoa ere berdin zaiela ematen du. Artur Masek Kongresuak esaten duena axola ez zaiola esaten duenean, ez dabil Madrilen aurka lehian, sistema demokratikoa leherrarazi nahian ari da. Demokrazian, derrigorrez, arauak errespetatu behar dira; eta arauak aldatu nahi izanez gero, ibilbidea dago egiteke", nabarmendu du.

Aurreko agintaldiko lehendakariak esan du bere alderdiak defendatzen duen ereduak "Euskadiko eta Kataluniako berezitasunak" errespetatzen dituela, “erlazioen alde plurala bilatzen duela, zintzotasun instituzionala bermatzen duela eta eskumenak ziurtatzen dituela”. "Eta batez ere” gehitu du, “arlo batean aurreratzen laguntzen du eredu horrek: hau ez da subiranotasun baztertzaileak bilatu eta mugak altxatzeko garaia, kontrakoa egitekoa baizik, batez ere Europari subiranotasuna lagatzekoa. Horrela, guztion politikak zehaztu ahal izango ditugu, zenbait arlotan, eta hori da behar duguna. Ez irla bat bilakatzea, kontinente bat eraikitzea baizik".

Euskal autogobernua

Euskal autogobernuari dagokionez, Lopezek esan du espero duela alderdiek estatutu-eremu berria adosteko gaitasuna izatea, gizarteak gero baieztatu ahal izan dezan. "Nahiz eta desberdin pentsatu, gustatuko litzaidake estatutu-eremu berri bat adostea, Euskadin autogobernua, bizikidetza eta desberdinen arteko ituna zehazteko; eta hori, Gernikako Estatutua bezala, euskal gizarteak baieztatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea