Politika -

Aberri Eguna

Bilbo eta Iruñea, gaurko Aberri Egunaren bilgune nagusiak

EAJ Bizkaiko hiriburuko Plaza Barrian ari da egiten ekitaldi politikoa; Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna, Independentistak Sarearekin, Iruñean daude.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon eta Iruñean izango dira 2014ko Aberri Egunaren ospakizunetako ekitaldi nagusiak.

Bizkaiko hiriburuko Plaza Barria aukeratu du EAJk bere ekitaldi politikoa egiteko. 11:30ean hasi da ekitaldi hori.

Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna (AB, Ipar Euskal Herrikoa), berriz, Foru Erkidegoko hiriburuan bildu dira, eta Independentistak Sarearen ekitaldiekin bat ari dira egiten. Dena den, atzo bertan hasi ziren aipatutako bost alderdiak Aberri Eguna ospatzen; izan ere, Larresoron (Lapurdi) elkartu ziren bere jarraitzaileak eta militanteak.

EAJ: "Euskadi Europara begira"

"Euskadi Europara begira" goiburuarekin ari da ospatzen EAJ 2014ko Aberri Eguna. Bilboko Plaza Barrian 11:30ean hasi den ekitaldirako deitu ditu EAJk bere jarraitzaileak. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakaria ari da parte hartzen; halaber, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarren presidentea, Izaskun Bilbao Europako Hauteskundeetarako hautagai nagusia eta Jean Tellechea Ipar Euskal Herriko EAJ-PNBren hautagaia ere daude.

Aberri Egunari begira, jeltzaleen asmoa "Euskadi Europan nabarmentzea eta nazioarteko ekintza bultzatzea da, bi bide landuta: EAJk eta Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko diputatuak azken bost urteetan egindako lana aintzatestea, alde batetik, eta alderdiak 1933an, Donostian, "Euzkadi Europa" lelopean ospatutako Aberri Eguna gogoratzea", bestetik.

Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna: "Euskal Herrian erabaki. Zazpiak bat!"

Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak, euren aldetik, "Euskal Herrian erabaki. Zazpiak bat!" goiburuarekin ari dira ospatzen 2014ko Aberri Eguna. Bost alderdiak Iruñean bildu dira, atzo Larresoron lehen ekitaldi bat egin ostean. Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak bat egin dute Independentistak Sarearen ekitaldiekin. Egun osoko egitaraua izango da gaurkoa: eguerdiko 12:00etatik martxa ari dira egiten, Golemetan hasi eta Sarasate pasealekuraino. Ondoren, ekitaldi politikoa egingo dute bertan, eta ospakizunak segida izango du egun osoan: herri-bazkaria Anaitasuna kiroldegian, eta "Indefesta" arratsalde eta gauean, Iruñeko Alde Zaharrean.

"Testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial esanguratsu" batean egingo da Aberri Eguna, bost alderdietako ordezkarien ustez, "herrien erabakitzeko eskubidearen eztabaida zabalik dago eta, Europan eta Euskal Herrian". "Eskoziak eta Kataluniak, oztopoak gaindituz, berezko prozesuak martxan jartzea lortu dute", gaineratu dute.

"Erabakitzeko eskubidea" eta "burujabetza", Larresoron

Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eta Europan nazio burujabea lortzeko lan egingo dutela adierazi dute Larresoron Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna alderdiek. Halaber, "irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea" babestu dute.

Ekitaldia hasi aurretik, "anbiguetate eta hitz hutsen gainetik, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko" lan egingo dutela nabarmendu du Rebeka Uberak. Halaber, Euskal Herria Europako eta munduko nazio burujabea izan dadin lortzeko euskal bidea bultzatuko dutela adierazi du. Bestalde, euskara lurralde guztietan ofizial izango duen Euskal Herri baten alde egin du.

Irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea babestu du, eta gizarte justizian oinarritutako eredu ekonomikoa eraikitzearen alde agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal aberriaren eguna