Politika -

Asteburu honetan

Erabakitzeko eskubidea eta Europa izango dira hizpide Aberri Egunean

Ekitaldiak larunbatean eta igandean izango dira Bilbon, Larresoron (Lapurdi) eta Iruñean. Katalunian eta Eskozian abian jarritako prozesu subiranistek berebiziko garrantzia izango dute.

Aberri Eguneko ekitaldiak Bilbon, Larrensoron (Lapurdin) eta Iruñean izango dira. Efe.
Aberri Eguneko ekitaldiak Bilbon, Larrensoron (Lapurdin) eta Iruñean izango dira. Efe.
Aberri Eguneko ekitaldiak Bilbon, Larrensoron (Lapurdin) eta Iruñean izango dira. Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken urteetako ohiturari jarraituta, EAJk Bilboko Plaza Barrian ospatuko du Aberri Eguna. "Euskadi Europara begira" lelopean, jeltzaleek mundu osoan dauden euskal herritarrei ikurrinarekin argazkiak atera eta bidaltzeko deia egin die. Argazki horiekin egindako bideoa igandeko ekitaldian erakutsi eta alderdiaren web orrialdean jarriko dute.

EAJren ekitaldi politikoa 11:30ean hasiko da.

Aberri Egunari begira, jeltzaleen asmoa "Euskadi Europan nabarmentzea eta nazioarteko ekintza bultzatzea da, bi bide landuta: EAJk eta Izakun Bilbao Europako Parlamentuko diputatuak azken bost urteetan egindako lana aintzatestea eta alderdiak 1933an, Donostian, 'Euzkadi Europa' lelopean ospatutako Aberri Eguna gogoratzea".

Sortu, EA, Aralar, Alternativa eta Abertzaleen Batasuna

Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna (AB) alderdiek bat eginda ospatuko dute 2014ko Aberri Eguna; Larresoron (Lapurdi), apirilaren 19an, eta Iruñean, 20an.

Bost alderdiok iragarritakoaren arabera, Aberri Egunean Euskal Herriari "estatu bihurtzeko" dagokion "eskubidea" aldarrikatuko dute, eta "zuhurtziaz jokatzeko eta akordio zabalak ahalbidetzeko ordua" dela azpimarratu dute.

Larunbatean ekitaldi politikoa egingo dute 17:00etatik aurrera. Igandean, aldiz, Independentistak Sarea taldeak antolatutako ekitaldiekin bat egingo dute.

Independentistak Sarea

Aurtengo Aberri Eguneko leloa "Gehiengoaren nahia, Independentzia" izango da. Independentzia euskal herritar guztiontzako alternatibarik onena dela eta gehiengoaren nahiei benetan erantzuten diela aldarrikatu nahi dute lelo horrekin.

Iruñean egingo da Aberri Eguna apirilaren 20an, eta egun osoko egitaraua izango da. Martxa eguerdian, 12:00etan, hasiko da Golemetan, eta Sarasate Pasealekuan amaituko da. Ondoren, ekitaldi politikoa egingo dute bertan.

Ospakizunak segida izango du egun osoan zehar: herri-bazkaria Anaitasuna kiroldegian, eta "Indefesta", arratsalde eta gauean zehar, Iruñeko Alde Zaharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sorturen albisteak