Politika -
'Gertu' programa
Biktimekin 'zuzeneko komunikazioa' izatea ahalbidetuko du Jaurlaritzak
"Beharrei eta eskakizunei" erantzuna emateko helburuarekin, programa berri honek "terrorismoaren biktimekin komunikazio zuzena eta banan-banakoa" egingo du.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko du hurrengo asteetan Terrorismoaren biktimenganako arreta zuzeneko 'Gertu' programa, biktimekin 'zuzeneko komunikazioa' izateko helburuarekin.
Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenaren arabera, 'Gertu'ren helburua da biktima eta hauen familiekiko tratua hurbilago eta estugoa izatea. "Komunikazio zuzena eta banan-banakoa bilatuko da hauen eskaera eta beharrei hobeto erantzuteko", gehitu du Erkorekak.
Erkorekaren arabera, EHuko Kriminologia Euskal Institutuak egindako eta "Terrorismoaren Biktimako Euskal parte hartze Kontseiluarekin partekatu" duten ikerketa batean oinarritu da ekimena.
Jaurlaritzaren bozeramaleak gaineratu duenez, Bake eta Elkarbizitza Planak "terrorismoaren biktimen aitortzea eta ordainaren" aldeko apustua egin du.
Horren ildotik, zehaztu du programak ezartzen duen metodologiak "biktima guztiekin zuzeneko komunikazioa, banan banakoa" ahalbidetuko du, "dituzten beharrei eta eskakizunei erantzuteko".
'Erbesteratuak'
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez "ez dago arrazoirik Euskadin salbuespeneko hauteskunde erregimen bat aplikatzeko", "ETAren indarkeriagatik erbesteratuek" boza eman dezaten, "terrorismoaren fenomenoa Euskaditik desagertu delako".
Josu Erkorekak PPk berriz ere egindako eskakizunari -hauteskunde sistema aldatzeko, 'ETAren indarkeriagatik erbesteratuek' botoa emateko- erantzun dio gaurko prentsaurrekoan.
Jaurlaritzaren bozeramalearen esanetan, hauteskunde aurrekanpaina dagoen bakoitzean "bueltatzen den gaia" da.