Politika -
A13
% 94k Euskal Herriaren independetziaren alde bozkatu dute, Etxarrin
A13 antolatzaileek azaldu dutenez, % 2k ezezkoa bozkatu dute eta botoen % 3 zuriak izan dira.
Erredakzioa
Etxarri Aranatzek baiezkoa hautatu du igande honetan egin dute Euskal Herriaren independentziaren inguruko kontsultan. Baiezkoak 804 boto jaso ditu, botoen % 94. A13 Herri Galdeketa plataforma antolatzaileak azaldu duenez, % 2k (18 boto) ezezkoa eman dute eta botoen % 3 (26) zuriak izan dira. Horrez gain, hiru boto nulo ere izan dira.
Partehartzea % 43koa izan da; izan ere, parte hartzera deituta zeuden 16 urte baino gehiagoko 2.000 biztanleetatik, 851 pertsonak eman dute botoa.
Herritarrak izan dira emaitza jakin duten lehenengoak, Etxarri Aranatzeko plazan.
Antolatzaileek erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Normaltasuna eta lasaitasuna izan da nagusi bozketa egun honetan, goizeko 09:00etan hauteslekua zabaldu dutenetik. Herri galdeketaren bidez, Euskal Herri independente bateko kide izan nahi duten agertzeko aukera izan dute.
Begiraleek prozesuaren gardentasuna partehartzaileen askatasuna gailendu dute.
"Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?" da erantzun beharreko galdera, 16 urtetik gorako herritarrak deituta dauden kontsulta honetan.
Herriko bizilagunek iritzia euren emateko aukera dute, "bai" edo "ez" esanda, edota boto "zuria" emanda, Manu Gomez A13 egitasmoa antolatu duen plataformaren bozeramaileak azaldu duenez.
Prozesuaren begiraleak honako hauek izan dira: Maider Goñi, Etxarri Aranatzeko alkate ohia; Araceli Markotegi, abokatua; Mario Zubiaga, EHUko Politikako irakaslea; Josep Manel Ximens, Kataluniaren independentziaren inguruan Arennys de Munten egin zuten galdeketaren bultzatzaile eta koordinatzailea; Anna Arque, Kataluniako Koordinakunde Nazionaleko komunikazio eta Nazioarteko Harremanetako arduraduna; eta Tatjana Zdanoka, Letoniako euroditutatua.
Arquek "normaltasuna", "aparteko auto-organizazioa" eta bozketan antzemandako "aniztasuna" nabarmendu du, informatu dute antolatzaileek ohar baten bidez. Tatiana Zdanokak, berriz, prozesu honetako "araudiaren zorroztasuna" azpimarratu du.
Gomezek orain dela aste batzuk esan zuenez, "demokrazian sakontzeko aukera bat da", eta galdeketa honen bidez, "Eskoziara, Kataluniara eta Europara" hurbilduko dira.
Halaber, Gomezen esanetan, hartutako bidea "emankorra izan da, herritarrek interesa helarazi dute, eta inplikatu egin dira". Lanean "normaltasun osoz" ari direla nabarmendu du, gainera, Gomezek.