Politika -

Frankismoa

'Billy el Niño'k errefusatu egin du estradizioa

Polizia ohiari hamahiru tortura kasu leporatzen dizkiote. Fiskaltza estradizioaren kontra dago, delituak preskribatu direlakoan.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: Efe
Auzitegi Nazionala.
Auzitegi Nazionalak 'Billy el Niño'ren estradizioa aztertu du

2:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia ohiak uko egin dio Argentinara estraditatzeari, frankismoan egindako torturengatik jasotako kereilaren harira, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa batean.

Fiskala ere neurri horren kontra agertu da, delitu horiek preskribitu direlako eta Espainian iker daitezkeelako, eta Argentinako auzitegiari eskatu dio Espainiako beste auzitegietan aurkez dezala salaketa, biktimen ahotsa behintzat entzuna izan dadin.

Biktimetako batzuk gaurko Auzitegi Nazionaleko saioan izan dira, eta defentsa abokatua hitz egiten ari zen une batean, biktimetako bat oihuka hasi da, torturen ondorioz 62 egunez osasun arreta jaso behar izan zuela azaltzeko.

68 urteko akusatuak Argentinara estraditatzea ez duela onartzen, erretiratuta dagoela, eta inoiz ez duela ezizenik izan besterik ez du esan.

Bere aurpegia grabatzea debekatu dute

Gaurko saioa hasi aurretik, Billy el Niñoren abokatuak salatu du akusatuak mehatxuak eta jazarpena jasan dituela. Horregatik, bere aurpegia grabatzea debekatzeko eskatu dio epaileari, eta azkenean neurri hori hartzea onartu du, eta auzitegi barruan irudiak hartu ahal izan dituzte, baina ez akusatuaren aurpegiarenak.

Torturak 1970 eta 1975 artean

Fiskalak txostenean agertu duenez, Billy el Niño 1970 eta 1975 arteko gertakari batzuengatik epaituko dute, eta tortura delitu horiek gizateriaren kontrakoak izan daitezke. Kasu horretan Espainiako auzitegiena izango litzateke eskumena, baina delituak preskribituta daudela zehaztu du.

Fiskalak gaineratu duenez, Argentinako agintariei Espainiako beste auzitegietan salaketa jartzeko aukera emango diete, biktimen ahotsa entzuteko eta duten "justizia nahian sakontzeko".

Horren harira, Mauthausengo (Austria) kontzentrazio esparruko bi preso errepublikanoren kasuan antzeko zerbait egin ahal izan zutela gogorarazi du.

Amnistia Legea

Billy el Niñoren defentsa abokatuak ere fiskalaren argudio berberak aurkeztu ditu, eta akusatuari 1977an Aministia Legea ezarri ziotela gehitu du.

Gaurko saioaren amaieran, akusatuari kendu egin dizkiote badaezpadako neurriak (Espainiatik ateratzeko debekua, astero auzitegian agertu behar izatea...).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea