Politika -
Bozketa
Kongresuak baztertu egin du Kataluniako galdeketaren proposamena
Kontrako 299 botorekin, Diputatuen Kongresuak errefusatu egin du Kataluniari kontsulta egiteko eskumena ematea.
Erredakzioa
Astearte honetan, Diputatuen Kongresuak baztertu egin du Kataluniari kontsulta egiteko eskumena ematea. Proposamenak kontrako 299 boto eta aldeko 47 boto jaso ditu. Abstentzio bat egon da.
Zehazki, PPk, PSOEk, UPyDk, Foro Asturiasek eta UPNk bozkatu dute kontra. Alde, berriz, CiU, Izquierda Plural (IU-ICV-CHA), EAJ, Amaiur, ERC, BNG, Nueva Canarias, Compromis-Equo eta Geroa Bai agertu dira. Coalición Canaria alderdiko diputatua abstenitu egin da. Bozketan bost diputatu falta izan dira, guztiak alderdi sozialistakoak. Horietatik bik, baina, boto telematikoa eman dute. Guztira zazpi orduko saioa egin dute Kongresuan.
Kataluniako subiranotasun galdeketaren inguruko proposamenak ezezkoa jaso arren, alderdi nazionalistek agerian utzi dute ''bestelako bideak'' bilatuko dituztela Kataluniako herritarrei "beren etorkizunaren inguruan botoa emateko aukera" eskaintzeko. "Hau ez da hemen bukatzen", berretsi dute.
Oso bestelakoa izan da Mariano Rajoyren jarrera. Espainiako presidenteak adierazi duenez, Kataluniako Parlamentuaren proposamena erabat legez kanpokoa da. Edonola ere, egungo lurralde egiturarekin ados ez daudenei zer egin esan die: Konstituzioa erreformatzea proposatu.
"Bozkatu egingo dugu, eta etorkizuna irabaziko dugu"
Jordi Turull (CiU), Marta Rovira (ERC) eta Joan Herrera (ICV) Kataluniako Parlamentuko ordezkariek abiatu dute saioa. "Kataluniak ekintza demokratiko garbia egin nahi du", horixe izan da Jordi Turull CiUk Kataluniako Parlamentuan duen bozeramaileak galdeketaren alde egiteko erabilitako esaldietako bat.
ERCko idazkari nagusia izan da hurrengoa 10 minutuko hitzaldia egiten. Rovirak ideia baten alde egin du: "Bozkatu eta etorkizuna irabaziko dugu".
ICVko Joan Herrera izan da Kataluniako Parlamentuko hirugarren eta azken ordezkaria. Herrerak ere akordioaren ildoari heldu dio: "Hitzarmen bat proposatzen dizuegu, irteera bat proposatzen ari gara, eta konponbiderik onena dela deritzogu".
Rajoyk Konstituzioa erreformatzea eskatzeko gonbidapena egin du
Kataluniako Parlamentuko ordezkariei entzun ostean, agerraldia egin du Mariano Rajoy presidenteak, eta Kataluniak Espainian jarraitu behar duela babestu du, honako hitzok esanda: "Espainiar guztien presidentea naiz, eta hala izaten jarraituko dut".
Gobernuko presidenteak Katalunian kontsulta bat egiteari atea itxi dio, eta helburu horretara bideratutako "legezko bide bakarra" honako hau dela esan du: Konstituzioa erreformatzeko proposamen bat aurkeztea. "Konstituzioa aldatu nahi duen nornahik, Espainia desegin nahi duen nornahik, izena aldatzea, edozer dela ere, Ganbera honi bere esku ez dagoena eskatu beharrean, erreforma konstituzionalaren bidea hartu behar du'', adierazi du.
Gobernuburuak esan duenez, "ez kafe batekin, ezta 500 kaferekin ere", berak eta Artur Mas Generalitateko presidenteak ezingo lukete Konstituzioaren aurkako ezer egin; Kataluniako independentziari buruzko erreferenduma ere ez.
Kataluniako independentzia nahi dutenak eskaintzen ari direna benetan "Robinson Crusoeren uhartearen gertukoena" dela esan du Rajoyk.
"Beharbada, Katalunian zuek baino gehiago sinesten dut. Gutxienez, nik ez dut Katalunia existitzen dela pauso bakoitzean erakusteko beharra sentitzen. Badakit existitzen dela, eta aberri honen adarretako bat da; ez da Espainia bera gabe ulertzen, Katalunia Espainia gabe ulertuko ez litzatekeen moduan", nabarmendu du Espainiako presidenteak.
Kongresuko taldeak
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko liderrak azpimarratu du ezin zaiela "gutxi batzuei" galdetu "herritar guztiei" dagokien gauza bat. Oposizioaren buruak argi esan du: "Espainia, Katalunia gabe, ez da Espainia". Horren iritziz, ezin da onartu Katalunian batzuek "Espainiak lapurtu egiten diela" esatea.
Azkenik, Alfredo Perez Rubalcabak Konstituzioaren erreforma baten alde egin du "Konstituzioaren oinarrian dagoen hitzarmena eguneratzeko" eta "Kataluniako ametsei eta berezitasunei erantzuteko".
Josep Antoni Duran i Lleida CiUk Kongresuan duen bozeramaileak esan du ez dutela "Konstituzioaren erreforma sakonetan" sinesten, baina irtenbide gisa berau "neurrian" ukitzeko aukerari ateak ireki dizkio; horri lotuta, "dena negoziatzeko prest" agertu da CiU.
Kataluniako galdeketaren inguruko eztabaida Kongresura "guztiz manipulatuta" iritsi dela salatu du Joan Coscubielak (Ezker Anitza) eta Rosa Diez UPyDko ordezkariaren hitzetan, berriz, "ez dago ezer hitz egiterik arauak betetzen ez dituenarekin, ezta auzitegien epaiak ez betetzearekin harro dagoenarekin edo jokoaren arauak aintzat hartzen ez dituenarekin ere".
Bestalde, Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramaileak eskatu du Rajoy presidenteak elkarrizketarako egindako eskaintza "ez gutxiestea".
''Bi patata bero dauzkazue: kataluniarra eta euskal patata''
Aitor Esteban EAJko diputatuak "bi patata bero" dituela ohartarazi dio Rajoyren Gobernuari, "Kataluniako patata eta euskal patata", Kataluniako eta Euskal Herriko erabakitzeko eskubideen inguruan sortutako iskanbilei erreferentzia eginda.
Halaber, Espainiako Gobernuak Kataluniako eta Euskal Herriko arazoak konpontzeko agertu ohi duen "borondate eza" salatu du bozeramaile jeltzaleak: "Eta honaino iritsi gara; Estatutik alde egiteko galdeketa bat egiteraino", esan du Estebanek Joan Herrera ordezkari katalanak 'Ibarretxe Plana'ren eztabaidan esandako hitz batzuei erantzunda.
Jarraian, EAJko kideak Konstituzioa erabakitzeko eskubidea ukatzeko alde batera utzi eta, Euskal Herriaren kasuan behintzat, beste argudio bat bilatzeko eskatu dio Rajoyri: "Gure kasuan zentsuaren % 30ek bakarrik eman zuen boza Konstituzioaren gaineko referendumean, guk ez genion oniritzirik eman", azaldu du.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramailea Aitor Esteban jeltzaleari zuzendu saio agerraldiaren hasieran. "Hitz egin dezagun pataten inguruan lehenago Euskal Herrian, ea euskal gizartearen gustuko tortilla egiten dugun", esan dio EAJko ordezkariari.
Amaiurreko diputatuaren ustez, Artur Masek erabaki egokia hartu du gaurkoan Kongresura ez joanda, Errekondoren hitzetan, "partida jada ez baita Espainian jokatzen; Katalunian jokatzen da".
Uxue Barkos Geroa Baiko diputatua Kataluniako galdeketa subiranista egitearen alde agertu da, Kataluniako herritarren ahotsa "garbi eta interferentziarik gabe" entzuteko.
Artur Mas: "Galdutako aukera da"
Kongresuko bozketa bukatu ostean, adierazpen instituzionala egin du Artur Masek Kataluniako telebista eta irrati publikoan. Kataluniako Generalitateko presidenteak baieztatu duenez, "Espainiako Kongresuak galdeketa atzera bota izana galdutako aukera bat da". Nolanahi ere, "ez da bukaera, bideak jarraituko du, eta Gorteek ez dute kataluniarren ahotsa isilaraziko", azpimarratu du.