Politika -

Eztabaida, Kongresuan

'Bozkatu egingo dugu, eta etorkizuna irabaziko dugu'

Jordi Turull (CiU), Marta Rovira (ERC) eta Joan Herrera (ICV) Kataluniako Parlamentuko ordezkariek Madrileko Diputatuen Kongresuan izan dira galdeketaren alde hitz egiteko.

Turull eta Rovira, Madrileko Diputatuen Kogresuan. EiTB.
Turull eta Rovira, Madrileko Diputatuen Kogresuan. EiTB.
Turull: '' Ezin zaio eskaera legitimo bati bizkarra eman''

7:21

Leire Etxazarra | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Kataluniak ekintza demokratiko garbia egin nahi du", horixe izan da Jordi Turull CiUk Kataluniako Parlamentuan duen bozeramaileak galdeketaren alde egiteko erabilitako esaldietako bat.

Turullek azpimarratu duenez, "herri baten alde" hitz egiteko jo dute Madrileko Kongresura, "izan eta izaten jarraitu nahi duen" herri baten alde hitz egiteko; etsipena zer den jakin ez eta onartzeko prest e dagoena".

Kataluniako ordezkariak galdeketaren legitimazioaren alde egin du: "Ezin zaio eskaera legitimo bati bizkarra eman (...), inork ez dezaiola Katalunian gertatzen ari denari entzungor egin".

Katalunian egindako azken hauteskundeen emaitzak ere gogora ekarri dituzte, bertan alderdi nazionalistek gehiengoa lortu zutelako. Kataluniako kaleetan egindako mobilizazio jendetsuak ere aipatu dituzte. "Kataluniak bozkatu egin nahi du", onodrioztatu dute.

"Nahi izanez gero, posiblea da (...) Katalunian bozkatzeko ordua iritsi da, etorkizuna erabakitzeko ordua", esan du Turullek bukaeran.

Marta Rovira (ERC): "Bozkatu egingo dugu, eta etorkizuna irabaziko dugu"

ERCko idazkari nagusia izan da hurrengoa 10 minutuko hitzaldia egiten. Rovirak ideia baten alde egin du: "Bozkatu eta etorkizuna irabaziko dugu".

Kataluniako Parlamentuko ordezkariak galdeketaren legitimitatea babestu du: "Kataluniako herri osoaren alde ari gara. Demokraziaren alde. Bozkatzea demokrazia gauzatzea delako, hemen eta mundu osoan".

ERCko ordezkariak gauza bat argi utzi nahi izan du: Kataluniarrek ez dutela beraien herria Espainiaren barruan ikusten, ideia hori ez dela posiblea: "ez gaituzte garen moduan onartzen; ez dute gure pentsaera, gure hitzegiteko modua eta gure amets egiteko modua onartzen".

Rovirak Kataluniako ordezkariek negoziatzeko duten jarrera ere azpimarratu du: "Gobernuarekin akordio batera iritsi nahi dugu galdeketa egiteko".

Joan Herrera (ICV): "Erabakitzeko eskubidea ez onartzea da Espainia hausten ari dena"

ICVko Joan Herrera izan da Kataluniako Parlamentuko hirugarren eta azken ordezkaria. Herrerak ere akordioaren ildoari heldu dio: "Hitzarmen bat proposatzen dizuegu, irteera bat proposatzen ari gara, eta konponbiderik onena dela deritzogu".

"Baina zuek errealitatea ezeztatzea aukeratu duzue", argudiatu du, "proposenari ezetz esanez, Kataluniaren eta Espainiaren arteko distantzia handitu besterik ez duzue egingo". "Zuen antikatalanismoaren biktima zarete". Herrerak ere oharra bota die Kongresuko diputatuei: "Erabakitzeko eskubidea saihestea da Espainia hausten ari dena".

Kontsultaren bultzatzaileek euren asmoa berretsi dute: "Hau ez da hemen amaitu"

Parlamentuko kideen adierazpenen ondoren, Kongresuan Kataluniako galdeketa defendatu duten Kataluniako Parlamentuko kideek euren asmoa berretsi dute, eta ez dutela etsiko iragarri dute. "Hau ez da amaitu", adierazi dute.

Jordi Turullek (CiU), Marta Rovirak (ERC) eta Joan Herrerak (ICV-EUiA) ildo horretan egin dituzte adierazpenak Mariano Rajoy Espainiako presidentearen eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko liderraren hitzak entzun ondoren. Rajoy eta Rubalcaba galdeketaren aurka agertu dira, Konstituzioan lekurik ez baitu.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea