Politika -
Fiskaltzaren eskaria
Uribetxebarriari baldintzapeko askatasuna kentzea eskatu du fiskalak
Idatziz helarazi dio eskaria Rubirak Jose Juis Castro Espetxe Zaintzako epaileari. Uribetxebarriaren senideek eta lagunek prentsaurrekoa deitu dute larunbaterako (12:30) Arrasateko plazan.
Erredakzioa
Josu Uribetxebarria Bolinaga ETAko presoari baldintzapeko askatasuna kentzeko eskatu du Pedro Rubira Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Gaixotasun sendaezina zuela eta, 2012an kartzelatik atera zen eta baldintzapeko askatasunean zegoen. Atzo Bergaran deklaratu ostean, etxean preso izatea agindu zuen Ismael Moreno epaileak.
Uribetxebarriaren senideek eta lagunek prentsaurrekoa deitu dute biharko Arrasateko plazan. 12:30ean izango da.
Arrasatearrei eta euskal herritarrei "giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aurkako eraso hauei erantzun batearatua emateko" dei egin diete.
Idatziz helarazi dio eskaria gaur goizean Rubirak Jose Juis Castro Espetxe Zaintzako epaileari. Hain zuzen, Castrok ezarri zion baldintzapeko askatasuna Uribetxebarriari 2012ko abuztuan, preso arrasatearraren osasun egoera aintzat hartuta.
1986an Antonio Ramos guardia zibila hiltzea leporatuta, atzo deklaratzera deitu zuen Moreno epaileak, eta deklarazioa hartu ondoren, etxean giltzapetuta izatea agindu zuen.
Rubiraren iritzian, "behin behinean preso egotea eta baldintzapeko askatasuna izatea ez datoz bat". Baldintzapeko askatasuna kenduz gero, espetxean sar dezakete berriro Uribetxebarria, betiere, bere osasun egoerak ahalbidetzen badu.