Politika -

Auzitegi Nazionala

Muñecas kapitaina Azpeitian epaitzea proposatu du Fiskaltzak

Argentinako epaile batek torturak egotzi dizkio guardia zibil ohiari. Fiskaltza estradizioaren aurkakoa da.

Frankismoaren aurkako manifestazio bat. EiTB
Frankismoaren aurkako manifestazio bat. EiTB
Fiskalak Azpeitian utzi nahi du 'Muñecas' auzia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Jesus Muñecas Aguilar guardia zibil ohia, Muñecas kapitaina, Argentinara estraditatzearen aurka agertu da, eta Azpeitiko (Gipuzkoa) epaitegian epaitzea proposatu du.

Maria Servini Argentinako epaileak 1968. urtean, Frankismo garaian, Zarautzeko (Gipuzkoa) kuartelean atxilotu bat torturatzea egozten dio. Ildo horretatik, Pedro Martinez Torrijos fiskalak salaketa Espainian jartzeko eskatu dio Argentinako Estatuari, prozesua bertan egin eta biktimek parte hartu ahal izateko.

"Horrek prozesuan parte hartzeko aukera emango lieke biktimei, Espainiako epaitegi batean diktadura garaian jazotakoak azaltzeko modua", esan du.

Fiskalak gogorarazi duenez, Espainiako eta Argentinako gobernuek sinatutako estradizio akordioaren arabera, pertsona bat ez da beste herrialde batera estraditatuko bere herrialdean egotzitakoa epaitzeko eskuduntzak badaude. Gainera, Muñecasi egotzitakoa "preskribituta" dagoela nabarmendu du.

Servini epaileak Muñecas kapitain ohia atxilotzeko agindua eman zuen joan den irailaren 18an, eta Andoni Arrizabalaga torturatzeagatik inputatu zuen (1968an atzeman zuten, eta Guardia Zibilaren Zarauzko kuartelean 22 egun inkomunikatuta izan zuten).

Martinez Torrijos fiskalak egindako galderei Argentinako Estatuarekin loturarik ez duela erantzun die Muñecas kapitain ohiak.

Abokatuak instrukzio epaitegiko beste bista batzuetan egindako adierazpenei eusten dien itaundu dio, eta baietz erantzun du.

Aurten, Muñecasek Madrilgo kuartel batean otsailaren 23ko estatu-kolpea ospatzeko egindako bazkarian parte hartu zuen. Antonio Tejero (estatu-kolpea zuzendu zuen guardia zibila) eta horren semea ere izan ziren ospakizun horietan.

'Billy haurra'ren estradizioa

Auzitegi Nazionalak hilaren 10ean aztertuko du Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy haurra' estraditatuko duten. Servini epaileak 13 pertsona torturatzea egozten dio.

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak Espainiatik ateratzea debekatu die 'Billy haurra'ri eta Muñecas kapitain ohiari, eta astero pasatu behar dute epaitegitik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Azpeitia albisteak