Politika -

Suarezen aldeko hileta

Urkullu: 'Rouco Varelaren hitzek harridura eta haserrea piztu dute'

Gainera, alderdi politikoek Rouco Varelak Adolfo Suarezen aldeko Estatu-hiletan egindako adierazpenak kritikatu dituzte ia aho batez.

Alderdi gehienek kritikatu dituzte Rouco Varelaren hitzak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, Rouco Varela artzapezpikuak atzo Adolfo Suarezen aldeko hileta-elizkizunetan esandakoek "trantsizioa ez zela behar bezala itxi erakusten dute".

Rouco Varelak espainiarren eta "erkidego historikoen" arteko elkartasuna bermatzeko eta gerra zibila "eragin dezaketen" jarrerak gainditzeko apustua egin zuen atzo Adolfo Suarezen aldeko estatu-hiletan.

Kataluniaren inguruko eztabaida aipatu gabe, Suarezen bizitzatik ondorioak ateratzeko eskatu zuen Madrilgo artzapezpikuak. "Espainiaren ongizateari, orainari eta etorkizunari begiratu zion", adierazi zuen Roucok. "Berarekin konkordia posible izan zen; zergatik ez da orain posible izango, eta beti, espainiarren, familien eta erkidego historikoen artean?", galdetu zuen.

Rouco Varelaren hitzak "larriak" iruditu zaizkio Iñigo Urkulluri eta Madrilgo artzapezpikuak esandako hitzek "harridura eta haserrea" piztu dutela idatzi du lehendakariak Facebook-eko bere profilean.

Erlijio eta politika alorretan, "frankismoa gainditu ez duten kontzeptuak izatea" leporatu dio Rouco Varelari. Urkulluren ustez, artzapezpikuak "demokrazia gutxietsi du".

Lehendakariak gogoratu duenez, frankismoaren ehunka biktima oraindik lurperatuta daude, "egia, oroimena, duintasuna eta justiziaren zain".

Hamaika erreakzio

Sabino Cuadra Amaiurrek Kongresuan duen diputatu nafarrak esan duenez, Madrileko artzapezpikua "Atapuercatik aterata dagoela dirudi" eta, bide batez, "normala eta logikoa" iruditu zaio Adolfo Suarez goraipatzea, Elizari "frankismoaren garaian ekonomia, zerga eta hezkuntza alorrean lortutako pribilegioak mantentzea" ahalbidetu zuelako.

Soraya Rodriguez PSOEko bozeramaleak "sumingarritzat" jo ditu Rouco Varelaren hitzok eta, nabarmendu duenez, Estatu-hiletak eta bestelako ekitaldi batzuk laikoak izatea proposatzeko "unea heldu da".

Halaber, Laura Garrido Euskadiko PPko bozeramaleak arbuiatu egin ditu kardinalaren hitzak, bere ustez Espainiako demokrazia ez delako ezbaian.

Rosa Diez UPyDren bozeramalearen esanetan, "erabat onartezina" izan zen homilia eta, bere ustez, "ez zen egokia" izan ereserki nazionala jartzea elizkizunean.

Bestalde, Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak "adierazpen askatasunean" kokatu ditu Racou Varelak egindako hitzaldia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria