Politika -
Gasteiz
Oposizioak errefusatu egin du geltoki berriari Adolfo Suarez deitzea
Martxoak 3 elkarteak gogorarazi duenez, Suarez jarduneko Gobernazio ministroa zen Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil zituenean.
Erredakzioa
Polemika ez da amaitu Gasteizko Udalean, oposizioak errefusatu egin baitu autobus geltoki berriari Adolfo Suarez izena jartzea.
Javier Maroto (PP) alkateak asteburuan iragarri zuen, Twitter bidez, geltoki berriari Espainiako Gobernuko presidente ohiaren izena jarriko diola. Oposizioak, baina, izena adostea eskatu dio.
Patxi Lazcoz PSE-EEko bozeramaileak "ahalik eta adostasun maila handiena" lortzeko deia egin dio alkateari. "Adolfo Suarezi omenaldia egin nahi bazaio, txarrena polemika sortzea da, Javier Marotok egin duen bezala", deitoratu du sozialistak.
Gorka Urtaran EAJko bozeramaileak "beharrezkoa ez zen polemika bat piztu izana" egotzi dio alkateari. Horren ildotik, Suarez bera akordioaren aldekoa bazen ere, Marotok "aurkako bidea" egin nahi izatea deitoratu du. Horrenbestez, izen berria gainerako alderdiekin eta geltokiaren finantziazioan parte hartzen duten erakundeekin adostea eskatu du.
Azkenik, EH Bilduk errefusatu egin du Marotoren erabaki "aldebakarrekoa". Halaber, azpiegituran izen berria jartzeko "mugimendurik" ez egitea eskatu dio enpresa eraikitzaileari.
Martxoak 3 elkartea ere minduta agertu da, eta geltokiak "hiri honetako langileekin sarraskia egitea agindu zuen Gobernuko kide baten izena" jasotzea salatu du.
Horren ildotik, 1976. urteko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil zituenean jarduneko Gobernazio ministroa (egungo Barne ministroa izango litzatekeena) Adolfo Suarez zela gogorarazi du elkarteak, egun hartan Fraga Iribarne "Espainiatik kanpo" zegoelako. "Horrenbestez, behin-behinean bazen ere, Adolfo Suarez izan zen Poliziaren arduradun politiko gorena", gaineratu du.