Politika -
Adolfo Suarezen hileta
Gerra zibila 'eragin dezaketen' jarrerak gainditzeko eskatu du Roucok
Adolfo Suarezen ereduari jarraitzeko eskatu du Rouco Varela kardinalak, espainiarren eta "erkidego historikoen" arteko elkartasuna bermatzeko.
Erredakzioa
Estatuko buruzagi guztiek Adolfo Suarezen senitartekoekin bat egin dute hileta-elizkizunean. Adolfo Suarezen ereduari jarraitzeko eskatu du Rouco Varela kardinalak, espainiarren eta "erkidego historikoen" arteko elkartasuna bermatzeko eta gerra zibila "eragin dezaketen" jarrerak gainditzeko.
Kataluniaren inguruko eztabaida aipatu gabe, Suarezen bizitzatik ondorioak ateratzeko eskatu du Madrilgo artzapezpikuak. "Espainiaren ongizateari, orainari eta etorkizunari begiratu zion", adierazi du Roucok. "Berarekin konkordia posible izan zen; zergatik ez da orain posible izango, eta beti, espainiarren, familien eta erkidego historikoen artean?", galdetu du.
"Eskuzabal eta tinko Espainiako politika eta gizarte esparruak adiskidetzea bilatu eta lortu zuen, gerra zibila betiko gainditzeko, gerra eragin zuten gertakariak eta jarrerak gainditzeko, berriz ere eragin dezaketelako", azaldu du artzapezpikuak sermoian. Mila lagun inguru bildu dira estatu-hiletan, Almudenako katedralean.
Erkidegoetako presidente guztiak Madrilgo katedralean izan dira demokraziako lehen presidenteari omenaldia egiteko. Asturiasko printze-printzesak, Espainiako errege-erreginak, Estatuko erakundeen arduradunak eta Espainiako Gobernuko kide guztiak izan dira bertan.
Besteak beste, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez presidente ohiak, Teodoro Obiang Ekuatore Gineako estatuburua, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea, Abdelilah Benkiran Marokoko gobernuburua, Nick Clegg Erresuma Batuko lehen ministroordea eta Paulo Portas Portugalgo lehen ministroordea hiletan izan dira.
Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez presidente ohiak. Argazkia: EFE
Dolumina
Hiletaren amaieran, Espainiako errege-erreginek, Asturiasko printze-printzesek, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak, herritarrek eta atzerriko buruzagiek atsekabea erakutsi diete Suarezen senideei.
Juan Carlos I.a aldare nagusiaren alboan eserita zegoen, eta senitartekoei bihotza arintzen aurrena izan da. Erregeak Adolfo Suarez Illana besarkatu du, eta haren familiako haurrekin maitekor azaldu da. Adolfok, presidente ohiaren bilobak, liturgiaren lehen irakurketa egin du zeremonian.
Adolfo Suarez Illana eta Juan Carlos I.a erregea. Argazkia: EFE
Erregearen alboan erregina eseri da, Felipe eta Letizia printze-printzesak ondoan zituela, eta Rajoyk Elvira Fernandez emaztearekin batera jarraitu du hileta.