Politika -
Udal hauteskundeak
Jean Rene Etchegaray zentrista izango da Baionako auzapez berria
Hendaian Kotte Ezenarro (PS) nagusitu da, botoen % 53,08 eskuratuta, orain arte alkate izan den Salaberry zentristaren (% 46,92) aurretik. Uztaritzen, berriz, abertzaleek aginduko dute, lehen aldiz.
Erredakzioa
Baionak auzapez zentrista izango du, Jean Rene Etchegaray, Henri Etxetori 26 botoko alde txikia atera ondoren. Bozen zenbaketa gori-gorian izan da azkenera arte Lapurdiko hiriburuan. Etxetok %45,22ko babesa lortu du, alkate berriaren % 45,83ren aurrean.
Emaitza, hala ere, airean gera daiteke, sozialistak helegitea jartzea aztertzen ari baitira.
Hendaian, Angelun eta Miarritzen ere lehia estuak izan dira. Sozialistek gau zaila dute Ipar Euskal Herrian, baina Hendaian behintzat agintea berreskuratu dute, sei urteren ondoren, Kotte Ezenarrok erdietsitako garaipenari esker. Angelun, berriz, Claude Olive eskuindarrak aginteari eutsi dio, eta Miarritzen auzapez berria izango dute: Mixel Veunac zentrista.
Uztaritzen, berriz, abertzaleek izango dute agintea, lehen aldiz 6.000 biztanletik gorako udalerri batean. Bruno Carrere izango da alkate berria, botoen % 45,59 lortuta.
Parte hartze txikia
Parte-hartze txikia izan da eguneko protagonista handia. Goizetik hautesle gutxi joan da botoa ematera, lehen itzuliko eta 2008ko hauteskundeetako portzentajearekin alderatuta. Egun osoan, abstentzio handia izan da guztion ahotan.
12:00etan, hautesleen % 19,7k eman du botoa Pirinio Atlantikoetan. Lehen itzulian % 22,9k eman zuen, eta 2008 hauteskundeetan, % 25,62k.
17:00etarako % 52,08k eman du boza, lehen itzulian (% 59,8) eta 2008ko hauteskundeetan (% 64,77) baino gutxiagok.
Emaitzak, herriz herri
Lapurdiko hiriburuan, Baionan, zentristek eskuratu dute boto gehien (% 45,83), sozialisten (% 45,22), eta ezker alternatibaren (% 9,4) aurretik. Beraz, Jean Rene Etchegaray orain arteko alkateordea izango da Jean Grenet aurreko agintariaren ordezkoa. Oso alde txikia izan da Etchegaray eta Etxeto sozialistaren artean: 26 boto.
Hendaian Kotte Ezenarro (PS) nagusitu da, botoen % 53,08 eskuratuta, orain arte alkate izan den Salaberry zentristaren (% 46,92) aurretik. Sozialistek duela 6 urte galdu zuten alkatetza berreskuratu dute.
Uztaritzen Bruno Carrere hautagai abertzaleak eskuratu du babes handiena; % 45,59, hain zuzen ere. Bigarren Jean Claude St Jean (% 29,16) izan da, eta hirugarren, berriz, orain arte auzapeza izan den Dominique Lesbats (% 16,94).
Miarritzen ere auzapez aldaketa izango da. Mixel Veunac zentrista izan da hautagai bozkatuena (% 51,63), eta horren atzetik Max Brisson (% 48,36) geratu da.
Angelun UMP alderdi eskuindarreko Claude Olive nagusitu da, botoen % 57,91 eskuratuta. Orain arteko alkate sozialista, Jean Espilondo, bigarren izan da (% 42,09).
Zuberoako hiriburuan, Maulen, egungo auzapeza nagusitu da, Mixel Etxebest, bozen % 47 eskuratuta. Horren atzetik, Lui Labadot (% 41) eta Beñat Elkegarai hautagai abertzalea (% 12) geratu dira.
Urruñan, De Coral eskuindarrak lortu ditu boto gehien (% 41,9). Ondoren, Filipe Aramendi abertzalea (% 36,53) eta Daniel Poulou izan dira (% 21,58).
Ziburun, Guy Poulou eskuindarrak irabazi dio (% 53,4) Henri Duhaldeborde ezkertiarrari (% 46,53).
Donapaleun, Jean-Jacques Loustaudaudine (UMP) egungo auzapeza gailendu da, % 49,68ko babesa lortuta.
Donibane Garazin eta Donibane Lohizunen, beraz, ez da bigarren itzuliaren beharrik izan, lehen itzulia gehiengo osoz irabazi baitzuten egungo alkate eskuindarrek (Idiart Donibane Garazin, eta Duart Donibane Lohitzunen). Baigorrin ere ez dute bigarren itzulirik egin.