Politika -
'Ez dago frogarik'
'Cervera kasua' artxibatzeko eskatu du fiskalak
Bere ustez, ez dago Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiari zuzendutako posta bidali zuela "akusatzeko probarik".
Fiskalak 'Cervera kasua' delakoa artxibatzeko eskatu du. Bere ustez, ez dago Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiari zuzendutako posta bidali zuela "akusatzeko probarik".
Iruñeko instrukzioko 2. epaitegian aurkeztutako agiri batean azaldu duenez, epaileak egindako lana gorabehera, erantzunik gabeko galdera asko daude kasu horretan. "Inputatuaren aurka akusazioa egiteko beharrezkoak diren ziurtasunak ez dira kasu honetan ematen", esan du.
2012ko abenduaren 2an hasi zen eskandalua: Asiainek posta anonimo bat jaso zuela salatu zuen Guardia Zibilaren aurrean. Iruñeko hormako puntu batean 25.000 euroz betetako gutunazal batean uztea eskatzen zioten: bestela, Nafarroako Kutxari diru asko fakturatzen ziola argitara aterako zutela mehatxatzen zioten, bere semearekin batera.
Ikerketaren ostean, martxoaren 18an amaitutzat eman zuen epaileak eta Nafarroako Kutxako presidente ohiari xantaia egin izanaren "zantzuak" atzeman zituen
Fiskaltzak, aldiz, ez du proba "zuzenik ezta zeharkakorik" ikusten. Bere ustez, ezin da frogatu nork bidali zion posta hori Asiaini: "akusazioa egiteko nahitaezko aspektua da hori".
"Ezin izan da jakin nondik bidali zuten posta", ezta inputatuaren eta postaren jatorriaren arteko "erlaziorik" ere. Esan duenez, "ezin da jakin" Cervera une horretan Internetera konektatuta zegoenik ere.
Perituek egindako ahots-probak ere "baztertu" ditu fiskalak, perituek ere "probabilitateetan" oinarritzen zirela aitortzen baitzuten. "Ziurtasuna" izatea ezinbestekoa da, fiskalaren aburuz.
Halere, "indar handiko aztarna" bat dagoela uste du fiskalak: Santiago Cervera gutunazala jasotzera joatea hormara, abenduaren 9an. Guardia Zibilak amu gisa jarri zuen han Aisiainen salaketaren ostean. Horren ostean, atxilotu egin zuten.