Politika -
Ekimena
Preso gaixoak kaleratzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak
PSE-EEk, PPk eta UPyDk aurkako botoa eman dute eta espetxe-onurak jasotzeko, presoek barkamena eskatu behar dutela azaldu dute.
Eusko Legebiltzarrak Espetxe araudiaren 104.4 artikulua era "ez murriztailean"aplikatzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari. EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin atera dute ekimena aurrera eta sendatu ezin daitezkeen gaixotasunak dituzten presoak kaleratzeko bidea irekiko lukete horrela. PSE-EEk, PPk eta UPyDk aurkako botoa eman dute eta espetxe-onurak jasotzeko, presoek barkamena eskatu behar dutela azaldu dute.
Jatorrizko proposamena EH Bilduk aurkeztu zuen -- baldintzapeko askatasuna eskatzen zuen gaixo dauden presoentzat--, baina testua EAJren zuzenketa batekin atera da aurrera azkenean, lehen bi puntuak --PSEk, PPk eta UPyDk baztertzen dutena-- koalizio soberanistak ere onartu dituelako.
Erresoluzioaren bigarren atalean, Espainiako Gobernuari eskatzen diote "gaixorik dauden hainbat euskal presoren egoera dela eta", Espetxe Araudiaren 104.4 artikulua era "ez murriztailean" aplikatzeko.
Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentarioak adierazi du Espetxe Araudiaren artikulu horrek gaixo dauden presoak kaleratzeko bidea irekitzen duela, "baldintza gehiagorik gabe", ETAko presoei eskatzen zaizkienak bezala.
Bere ustez, "giza eskubideen aurkakoa da" gaixo dauden presoei eskaera horiek egitea, ETA "hertsatzeko". Bere ustez, pertsona horiek "gatibu" gisa hartzea suposatzen du.
Iñigo Iturrate EAJko parlamentariak esan du espetxe politikak "bizikidetza politikaren parte" izan behar duela eta ETAk bere jarduera eten ostean, "aldatu" behar dela