Politika -
Kataluniako subiranotasuna
Gobernuak errespetua agertu dio Konstituzionalaren ebazpenari
PSOEren ustez, erabakiak agerian utzi du "legearekiko errespetua" dela "zentzuzko bide bakarra"; elkarrizketa, berriz, "modua".
Erredakzioa
Kataluniako subiranotasun adierazpenaren inguruan Auzitegi Konstituzionalak kaleratu duen ebazpena errespetatzen duela eta ontzat ematen duela esan du astearte honetan Espainiako Gobernuak.
Auzitegi Konstituzionalak aho batez errefusatu du Kataluniako Parlamentuak 2013ko urtarrilean onartutako subiranotasun adierazpena. Bertan, "subjektu subirano juridikotzat eta politikotzat" jotzen zen Katalunia, eta Gobernuak kontra egin zuen. Halere, Kataluniaren erabakitzeko eskubidea onartu du Auzitegiak, hori legezkotasun konstituzionalaren barruan gauzatzen bada.
Ebazpen horren ostean, erabakiaren inguruko errespetua eta horren onarpena agerian uzteko adierazpenk baino ez dituzte egin Gobernuko iturriek.
PSOE
PSOEren hitzetan, "epaiak agerian uzten du legearen errespetua dela zentzuzko bide bakarra; elkarrizketa, berriz, modua".
Halaber, sozialistek "neurrizko poztasuna" adierazi dute, horien hitzetan argi geratu baita zer egin daitekeen eta zer ez.