Politika -

Udal hauteskundeak Iparralden

Abertzaleek protagonismo handia izango dute bigarren itzulian

Sozialistek eta abertzaleek hainbat itun egin dituzte bigarren itzuliari begira, Hendaian, Urruñan eta Ahetzen, besteak beste.

Argazkia: EiTB
Udal hauteskundeen lehen itzuliak aldaketak dakartza Iparraldera

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean, udal hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute Ipar Euskal Herrian, eta, dagoeneko, itxita daude zerrendak. Azken orduko itunak ikusita, abertzaleek dute giltza hainbat udalerri garrantzitsutan.

Hendaian sozialistek eta ezker abertzaleak bat egin dute. Hala, Iker Elizalde abertzaleak bat egin du PSko Kotte Ezenarrorekin, lau zinegotziren eta auzapezordetzaren truke. Gainera, Elizaldek esan du Ezenarrok ikastolaren eraikuntzan laguntzeko konpromisoa hartu duela.

Ziburun eta Urruñan ere sozialistek eta ezker abertzaleko kideek bat egin dute.

Baionan, ordea, egoera gero eta zailagoa da sozialistentzat. Izan ere, beste hautagaiek bat egin dute, eskuinean eta ezkerrean. Baiona 2014 hautagaitza abertzalea eta Ezkerreko Frontea, beraz, elkarrekin aurkeztuko dira.

Bost zerrenda ziren orain arte Lapurdiko hiriburuan, eta sozialistak bozkatuenak, baina egoera erabat aldatu da, zentroak eta eskuinak bat egin baitute eta sozialistek baino boto gehiago baitute bien emaitzak batuz gero. Gainera, sozialistek ez dute lagun gehiago ezkerrean, lehian dauden ezkerreko beste bi zerrendek ere bat egin baitute: ezker muturrak eta ezker abertzaleak (% 16).

Abstentzioa % 44koa izan zen Baionan. Irabazi nahi badute, sozialistek bertan lortu beharko dituzte boto berriak.

Urruñan, sozialistak abertzaleen zerrendan joango dira, eta Ahetze ere abertzaleen esku gera liteke.

Beste hiri handi batean, Biarritzen, lehenengo itzuli korapilatsuaren ondoren, sei alderdiek bi aliantza egin dituzte: zentristak eta ezkertiarrak alde batetik joango dira eta eskuindarrak bestetik.

Angelun, berriz, ez da itunik izan, baina egungo auzapezak ezkertiarren eta abertzaleen botoa eskatu du. Hala ere, zail izango du garaipena, UMPren hautagaiak alde nabarmenarekin irabazi baitzion lehen itzulian.

Egungo auzapeza gehiengo osoa lortzear izan zen Donapaleun, baina ez zuen lortu, eta berriro lehiatu beharko da abertzaleekin eta gainerakoekin, horiek ez baitira ituna egiteko gai izan.

Maulen ere egungo auzapezak ez du garaipena ziurtatuta, eta berak baino boto gehiago eskuratu zituen ezkerrari egin beharko dio aurre.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea