Politika -
Hileta-elizkizuna
ZUZENEAN: Amaitu da Iñaki Azkunari azken agurra emateko elizkizuna
Asturiasko printze-printzesak, Espainiako Gobernuko presidenteordea, lehendakaria eta diputatu nagusiak, lehenengo lerroetan izan dira ordubeteko elizkizunean.
IKER GOMEZ / EITB.COM
13:00 'Begoñako Andra Mari' abestu dute elizkizuna amaitzeko.
12:56 Azkunaren omenezko olata-meza datorren igandean egingo dute, Begoñako basilikan.
12:36 "Bakea eta itxaropena" bizi izan zituen Azkunak bere azken egunetan, Icetaren hitzetan.
12:30 Bilboko gotzainak goraipatu egin du Iñaki Azkunak herritarren alde lan egiteko izan zuen "bokazioa".
12:15 Mario Icetaren homilia: 'Jesusek nire bila urten eban, aurkitu egin ninduan eta dei egin eustan', esan zion Azkunak Bilboko gotzainari bere egunean.
12:10 Bilboko eta Santiagoko abesbatzekin hasi da elizkizuna.
12:05 4.000 lagunetik gora sartu dira Santiago katedralean.
12:00 Hasi da Bilboko Santiago katedralean Iñaki Azkunaren aldeko hileta-elizkizuna.
11:33 Lehendakari guztiak eta Asturiasko printze-printzesak Santiago katedralean dira dagoeneko. Horiekin batera, diputatu nagusiak eta alderdi guztietako ordezkariak iritsi dira.
11:25 Urkullu lehendakariak Asturiasko printze-printzesak hartu ditu Bilboko Arriaga Antzokian, Santiago katedralera joan aurretik. Kotxe ofizialean etorri dira Bilbora, 11:15ean.
11:15 Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, Adolfo Suarez eta Iñaki Azkunaren ezaugarri nagusiak "akordioak lortzeko zuten gaitasuna" eta "alderdien siglen gainetik" herritarrak babestea izan ziren.
11:10 Agintariak Arriaga Antzokitik igaroko dira Santiago katedralera joan aurretik. Bertan, Arriagan, Iñaki Azkunaren argazki erraldoia eta Bilboko bi bandera jarri dituzte.
11:00 Hasi dira Bilboko Santiago katedralean herritarrak sartzen. Hileta-elizkizuna 12:00etan hasiko da. Agintariak Arriagan hartu dituzte.
10:30 Hileta-elizkizun jendetsua egingo dute Bilbon gaur eguerdian Iñaki Azkuna alkateari azken agurra emateko, eta bertan izango dira Euskal Herriko eta kanpoko pertsona ezagun ugari. Besteak beste, Asturiasko printze-printzesak, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, udal ordezkariak eta EAJko buruzagi nagusiak egongo dira bertan.