Politika -

Hil-kapera

Milaka herritarrek azken agurra eman diote Adolfo Suarezi

Kongresuko hil-kapera asteartean itxiko dute, 10:00etan. Ordezkari politiko, instituzional eta sozialek omenaldia egin diote presidente ohiari.

Agintari ugari Adolfo Suarezen hil kaperan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12.000 bat lagun bildu dira astelehen honetan Adolfo Suarez Espainiako presidente ohiaren Kongresuko hil-kaperan, hori ireki eta lehen zortzi orduetan. Gau osoan egongo da zabalik, eta asteartean itxiko dute, 10:00etan.

Ganberaren kalkuluen arabera, 1.500 pertsona inguru ari dira bertatik igarotzen orduko (25 bat minuturo). Hala, 20:00etarako, 12.000 bat lagun ziren Suarezi azken agurra ematera hurbildutakoak.

Goizaldetik, 20 bat pertsona egon da San Jeronimo Ibilbidean, baina goizak aurrera egin ahala, ehunka lagun pilatu dira, eta ilara Kongresuko eraikina inguratzera heldu da. Arratsalderako, 2,5 km-ko luzera hartu du ilarak, eta inguruko kaleetara ere zabaldu da, eseak eginda. Batez beste, hiru ordu itxaron behar izan dute herritarrek bertara sartzeko.

Capilla ardiente Adolfo Suarez Efe

San Jeronimoren Ibilbideko Jauregiko Urrats Galduen Aretoan, hilkutxa Espainiako bandera batekin estali dute eta Indar Armatuen laguntza talde bat ari da hori babesten; hiru armadetako zenbait soldaduk eta Guardia Zibileko zenbait agentek inguratuta dago.

Hil-kaperan, gurutze bat, Espainiako bandera eta errege-erreginak, Printzeek eta Rajoytarrek bidalitako lore-koroak ikus daitezke. Albo batean, Errege Etxetik bidalitako lore-koroak, bestean, Mariano Rajoyk, Elvira Fernandez bere emazteak eta Jesus Posada Diputatuen Kongresuko presidenteak bidalitakoak.

Hiritar batzuek aitaren egin dute hilkutxaren aurretik pasatzean, beste batzuek musuak bidaltzen dizkiote.

Adolfo Suarezen hilkutxa heldu den unea. EFE

Hilkutxari harrera

Espainiako Gobernuko presidente ohiaren ohiaren hilkutxaren segizioa 10:00etan heldu da Diputatuen Kongresura. Adolfo Suarez atzo hil zen, 11 urtez alzheimerra izan ondoren.

Eskaileren beheko partean, Mariano Rajoy presidentea, Jose Luis Rodriguez Zapatero, Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez presidente ohiak ari ziren itxaroten, Jesus Posada eta Pio Garcia Escudero Kongresuko eta Senatuko presidenteekin, hurrenez hurren, batera.

Halaber, Francisco Perez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko presidentea eta Carlos Lesmes Botere Judizialeko Kontseilu Nagusikoa ere bertan izan dira. Horiek ez ezik, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko burua ere egon da Suarezen hilotzaren zain.

Hilkutxa bandera espainiar batekin estali dute, hil-kaperara eraman arte. Horiekin batera, Adolfo Suarezen seme-alabak eta ilobak zihoazen, presidente ohiaren gorpuaren parean oinez.

Lurreko Armadako hamar soldaduk osatu dute Adolfo Suarezen gorpua zeramatzan ohorezko piketea.

Presidente ohiaren familiak ordubete inguru eman du Estatuko agintarien eta Espainiako arlo politiko, ekonomiko eta sozialeko ordezkarien dolumina jasotzen.

Erregearen Etxearen omenaldia

Erregeak eta erreginak presidente ohia omendu dute. Haien autoa 10:30ean heldu da Kongresuko patiora eta, hil-kaperan sartu bezain laster, erregeak dolumina adierazi dio Adolfo Suarez Illanari eta hildako presidente ohiaren gainerako senideei.

Principe Felipe Leticia Suarez EFE

Juan Carlos erregea bastoi barik hurbildu da hilkutxara eta ondoan dagoen kuxin baten gainean Karlos III.aren errege-ordenaren idunekoa jarri du, Gobernuak proposatuta egiten den aitortzarik nagusiena. Horren ondoan, Urrezko Ardi-larruaren Ordenaren Idunekoa ikus zitekeen, erregeak beste garai batean emandakoa.

Asturiasko Printzeak gogoratu duenez, Adolfo Suarezi "guztia eskertu behar diogu". Horrela adierazi du, Letizia printzesarekin batera, Espainiako Gobernuko presidente ohiaren hil kaperan.

"Oso triste gaude", adierazi du Printzek Errege Etxearen bozeramaile gisa.

Erregeak Kongresutik alde egin eta gero, Gobernuko presidente ohiaren gorpuzkinak gordetzen dituen hil-kaperan izan ostean, zenbait agintari hara bertaratu dira.

Hala Estatu idazkariak, diputatuak, senatariak, parlamentari ohiak, ministro ohiak eta Suarezen Gobernuko goi kargudun ohiek, nola enpresa, kultura eta hedabideen arloko hainbat ordezkari Kongresuan izan dira, dolumina adierazten.

Hamaika ordezkari hil-kaperan

Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea, Maria Dolores de Cospedal Gaztelea Mantxako presidente eta PPko idazkari nagusia; Alberto Fabra Valentziako Generalitateko presidentea eta Ignacio Gonzalez Madrileko presidentea izan dira, besteak beste, Kongresuan.

Horiek ez ezik, Jose Antonio Monago Extremadurako presidentea, Juan Vicente Herrera Gaztela Leongoa eta Luisa Fernanda Rudi Aragoikoa ere bertaratu dira.

Hil-kaperan, halaber, Carlos Lesmes Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko presidenteak, Eduardo Torres-Dulce Estatuko Fiskal Nagusiak, Francisco Perez de los Cobos Auzitegi Nazionaleko presidenteak eta Sociedad Becerril Arartekoak ere bat egin dute.

Gader Ongil hainbat urtetan zehar Adolfo Suarezen idazkaria izandakoak, orain Madrileko diputatuak eta senatariak, senideengandik hurbil egon nahi izan du.

Hedabideen arloko ordezkariak ere izan dira, besteak beste, Leopoldo Gonzalez Echenique RTVEko presidentea, Pedro J. Ramirez, Agata Ruiz de la Prada Ramirezen emaztea, Carlos Herrera eta Pablo Sebastian.

Gainera, zenbait politikarik ere bat egin dute ordezkari politikoekin, esaterako, Oscar Lopez PSOEko Organizazio idazkaria eta Eduardo Zaplana Valentziako Generalitateko presidente ohia.

Adolfo Suarezen senideek presidente ohiari azken agurra eman nahi diotenen doluminak jasotzen jarraitzen dute.

Hiletak

Datozen egunetako Suarezi azken agurra emateko antolatuko diren ekitaldien artean lehenengoa izango da. Estatu hileta, berriz, datorren astelehenean, hilaren 31n, egingo dute, Madrilen, Almudenako katedralean.

Amparo Illana Adolfo Suarezen emaztearen gorpuzkiak Avilako katedralean dira dagoeneko, eta bihar hilobiratuko dituzte, Suarezen gorpuzkiekin batera. Illanaren gorpuzkiak gaur, astelehena, atera dituzte hobitik, Mosen Rubi kaperatik, 2001ean ehortzi zuten lekuan; ondoren, katedralera eraman dituzte.

Suarezen heriotzagatik hiru dolu-egun deitu dituzte; gaurkoa izango da lehenengoa.

Felipe Gonzalez, hil-kaperan. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea