Politika -
Ekitaldi publikoa
Erakundeetako ordezkari nagusienek azken agurra eman diote Azkunari
Besteak beste, Asturiasko printze-printzesak, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea eta EAJko buruzagi nagusiak joan dira hiletara. eitb.com-ek zuzenean jarraitu du.
Erredakzioa
Hileta-elizkizun jendetsua egin dute Bilbon gaur eguerdian Iñaki Azkuna alkateari azken agurra emateko, eta bertan izan dira Euskal Herriko eta kanpoko pertsona ezagun ugari. Besteak beste, Asturiasko printze-printzesak, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, udal ordezkariak eta EAJko buruzagi nagusiak joan dira hiletara.
Azkunak, hil aurretik, bere omenezko ekitaldiak nolakoak izan behar ziren zehaztu zuen, eta "hileta-elizkizun xumea" egiteko eskatu zion Mario Iceta Bilboko gotzainari, "bilbotar xumeak bertan egon daitezen".
Hileta-elizkizuna eguerdian izan da, Zazpikaleetan, Santiago katedralean. eitb.com-ek zuzenean jarraitu du.
Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, katedrala 2.000 pertsona hartzeko prestatu dute, eta ondoko plaza ere egokitu dute beste 2.000 pertsona hartzeko, ekitaldia bertatik jarraitzeko aukera egon zedin. Beraz, 4.000 pertsonak jarraitu ahal izan dute hileta-elizkizuna katedralean edo inguruetan, pantaila erraldoien bitartez. Gainera, beste pantaila erraldoi bat jarri dute Plaza Barrian, eta hor 8.000 pertsonarentzako lekua zegoela esan dute.
Mezan politika munduko eta erakundeetako ordezkari ugari egon dira; Iñigo Urkullu lehendakaria, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, udal ordezkariak, EAJko buruzagi nagusiak eta Asturiasko printze-printzesak, besteak beste. Aurreko lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko ordezkariak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ere bertan izan dira.
Udalei dagokienez, Gasteizko, Donostiako, Bartzelonako, Valladolideko eta Santanderreko alkateek ere parte hartu dute ekitaldian.
Enpresa munduak ere izan du ordezkaririk, Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola), Francisco Gonzalez (BBVA), Mario Fernandez (Kutxabank) eta patronaletako buruak, besteak beste, Bilbon egon baitira.
Joaquin Achucarro pianista ('Bilboko seme kuttun' izendapena duen pertsona bakarra), Guggenheim eta Arte Eder museoen zuzendariak eta Victorino Marin aita-seme ganaduzaleak izan dira kultura eta ikuskizunak alorretako beste ordezkarietako batzuk.