Politika -

Udal hauteskundeak Frantzian

Eskuina nagusi ezkerraren aurrean udal hauteskundeetako lehen itzulian

Lehen datuen arabera, Marine Le Penen Fronte Nazionalak botoen % 7 eskuratu ditu.

Eskuinak Hollande presidente sozialistaren ezkerrak baino bozka gehiago jaso ditu. Argazkia: EiTB
Eskuinak Hollande presidente sozialistaren ezkerrak baino bozka gehiago jaso ditu. Argazkia: EiTB
Ezkerrak atzera egin du, eta ultraeskuinak gora

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Valls Frantziako Barne ministroak baieztatu egin du eskuineko alderdiak, UMP buru dutela, izan direla garaile igandeko udal hauteskundeetan Estatu mailan, botoen % 46,54 eskuratu baitituzte. Alderdi ezkertiarrek, Alderdi Sozialista buru, berriz, botoen % 37,74 jaso dituzte.

Abstentzioa inoiz baino altuagoa izan da; % 35,87koa, hain zuzen ere. "Abstentzioa oso altua da. Herritarrek igorri diguten mezu bat da. Arduradun publikook eta politikook ulertu egin behar dugu", adierazi dio Vallsek Le Figaro egunkariari.

OpinionWay etxeak Le Figaro egunkariarentzat egindako ikerketaren arabera, Marine Le Pen ultraeskuindarraren Fronte Nazionalak botoen % 7 eskuratu ditu, eta zerrendarik bozkatuena izan da Avignon, Beziers, Forbach eta Henin-Beaumont hirietan.

François Hollande Frantziako presidente sozialistarentzat proba garrantzitsua zen gaurkoa, 2012an presidentetzara heldu zenetik bere onarpena nabarmen jaitsi baita.

Fronte Nazionalak emaitza historikoak lortu ditu

Marine Le Pen Fronte Nazionaleko buruzagiak Frantziako TF1 telebista-kateari eskainitako elkarrizketan bere alderdiak lorturiko emaitzak nabarmendu ditu: "Fronte Nazionala indar independente indartsu gisa iritsi da, bai nazio bai herri mailan".

Udal hauteskundeetan lorturiko emaitzak aintzat hartuta, "bipolarizazioaren amaiera" agerikoa dela iritzi dio Marine Le Penek. Halaber, Fronte Nazionala nazio mailan ezartzea lortu dutela adierazi du.

"Frantziako politikaren baitan, bipolarizazioaren amaieraren aurrean gaudela uste dut", adierazi du Marine Le Penek TF1 telebista-kateari eskainitako elkarrizketan. "Fronte Nazionala indartsu dator bai herri mailan eta baita nazio mailan ere, eta hauteskunde-egun honetako ustekabeetako bat dela uste dut; izan ere, Avignon bezalako hirietan zerrenda bozkatuena izatea lortu dugu", nabarmendu du.

Frantziako Gobernuak ezkerra batzeko deia egin du

Jean-Marc Ayrault Frantziako lehen ministroak ezkerra batzeko deia egin du datorren igandean egingo diren udal hauteskundeetako bigarren itzuliari begira.

"Politika ekonomiko eta sozial bidezkoagoa babesten duten guztiek batu egin behar dute", adierazi du telebista-kate bati eskainitako elkarrizketan.

"Lehen itzulia testuinguru ekonomiko eta sozial zail batean egin da. Zenbaitek beren kezkak eta zalantzak agerian utzi dituzte. Bigarren itzulira begira, ezinbestekoa izango da ezkerreko boto guztiak batzea", nabarmendu du.

UMP alderdiak ez du Fronte Nazionalarekin bat egiteko asmorik

Jean-François Cepe UMP eskuineko alderdiko presidenteak adierazi duenez, bere alderdiak ez du bigarren itzuliari begira Fronte Nazionalarekin bat egiteko inolako asmorik, eta "boto erabilgarria" ematearen aldeko aldarria egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea