Politika -

Hauteskundeak Iparraldean

Iparraldeko hiri nagusietan bigarren itzulia beharko da

Angelun, Baionan eta Hendaian aldaketak izan daitezke alkatetzan. Bestalde, Donibane Lohizunen eta Donibane Garazin gehiengo osoa eskuratu dute egungo alkateek eta ez da bigarren itzulirik izango.

Udal hauteskundeen lehen itzulia izan dute Iparraldean. Argazkia: EiTB
Udal hauteskundeen lehen itzulia izan dute Iparraldean. Argazkia: EiTB
Ipar Euskal Herrian, airean geratu dira udalerri handiak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udal hauteskundeen lehen itzulia izan dute igande honetan Iparraldean eta Frantziako Estatuan. Bi itzuliko hauteskunde hauetan, udal hautetsiak aukeratzeaz gain, Iparraldeko 10 mankomunitateetako ordezkariak aukeratuko dituzte zuzenean.

Hauteslekuak 08:00etatik 18:00etara bitartean egon dira zabalik. 4.000 hautetsi inguru aurkeztu dira Iparraldeko udal hauteskundeetara eta 250.000 herritar inguru zeuden bozkatzera deituta.

Pirinio Atlantikoetan (Iparraldea eta Biarno batzen dituen eskualdea) parte hartzea % 59,94koa zen 17:00etan, orain 6 urte baino sei puntu gutxiago, eskualdeko suprefeturak parte-hartzeari buruz eman dituen datuen arabera. Iparraldean landa-eremuetan parte-hartzea handiagoa izan da hiriguneetan baino.

Gaur bertan bigarren itzulira begirako negoziazioak hasi beharko dituzte alderdiek. Astearterako aurkeztu behar dituzte bigarren itzulirako zerrendak, eta ordurako aliantzak eta akordioak itxita izan behar dira.

Emaitzak herriz herri

Iparraldeko hiri handietan bigarren itzulia beharko da auzapezak hautatzeko; Hendaian, Angelun eta Baionan, esaterako, aldaketak egon litezke. 

Lapurdiko hiriburuan, Baionan, sozialistek eskuratu dute boto gehien (% 35,26), zentristen (% 29,98), eskuindarren (% 18,54), abertzaleen (% 10,3) eta ezker muturraren (% 5,92) aurretik. Inork ez du gehiengo absoluturik lortu, eta bigarren itzulia beharrezkoa izango da. Ikusteko dago, beraz, nork ordezkatuko duen orain arte alkate izan den Jean Grenet.

Nafarroa Behereko hiriburuan, Donibane Garazin, bestalde, Alfons Idiart eskuindarrak bozen % 64,56 eskuratu ditu, eta Xabi Larre hautagai abertzaleak, berriz, botoen % 31,74.

Zuberoako hiriburuan, Maulen, egungo auzapeza den Mixel Etxebest nagusitu da bozen % 41,95 eskuratuta. Horren atzetik, Lui Labadot (% 31), Matia Davant sozialista (% 13) eta Beñat Elkegarai hautagai abertzalea (% 12,25) sailkatu dira.

Biarritzen ere auzapez aldaketa izango da. Max Brisson izan da hautagai bozkatuena (% 23,36), eta horren atzetik boz gehien bildu dituztenak Mixel Veunac zentrista (% 17,44), Guy Laffite sozialista (% 16,88) eta Benoit Saint-Cricq (% 10,69) izan dira. Fronte Nazionala aurkeztu den herri bakarrean bozen % 5 eskuratu ditu.

Hendaian lehen itzulian Kotte Ezenarro (PS) nagusitu da, botoen % 36,5 eskuratuta, orain arte alkate izan den Salaberry zentristaren (% 28,98) eta Beitia eskuindarraren (% 12,85) aurretik. Hendaia Biltzen alderdi abertzalea laugarren izan da, eskuinarekin ia berdinduta (% 12,56). Sozialistek duela 6 urte galdu zuten alkatetza berreskuratu ahal izango dute.

Angelun UMP alderdi eskuindarreko Claude Olive nagusitu da, botoen % 44,60 eskuratuta, egungo alkatea den Jean Epsilondo sozialista (%36,45) ere gaindituta. Gainerako hautagaiek botoen % 10 baino gutxiago eskuratu dituzte; beraz, bigarren itzulitik kanpo gelditu dira.

Kostaldean, Donibane Lohizunen, Peyuco Duart egungo auzapezak gehiengo osoa eskuratu du, eta Paxkal Laffite eta Emile Amaro inolako aukerarik gabe gelditu dira.

Urruñan, lau hautagaiak bigarren itzulira igaroko dira. De Coralek lortu ditu boto gehien (% 35,65), eta Daniel Poulou (bozen % 27,34), Aramendi (% 26,46) eta Lassalle (% 13,76) izan dira boto gehien lortu dituzten hurrengoak.

Uztaritzen Bruno Carrere hautagai abertzaleak eskuratu du boz gehien; % 38, hain zuzen ere. Bigarren Jean Claude St Jean (% 28) izan da, eta hirugarren, berriz, orain arte auzapeza izan den Dominique Lesbats (% 22).

Donibane Garazin eta Donibane Lohizunen, beraz, ez da bigarren itzulirik izango gehiengo osoz irabazi baitute egungo alkate eskuindarrek. Aurrez aipaturiko gainerako hirietan, bigarren itzulia beharrezkoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea