Politika -

Heriotza

Hiru eguneko dolua iragarri du Rajoyk Adolfo Suarezen heriotzagatik

Gobernu espainiarreko presidenteak, halaber,  esan duenez, "Adolfo Suarezi egin lekiokeen omenaldirik onena berak egindako bidea jarraitzea da".

Hiru eguneko dolua iragarri du Rajoyk Adolfo Suarezen heriotzagatik

4:38

Iker Gonzalez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, "hiru eguneko dolua ezarriko dira", bihar, astelehena, BOEk jasoko duenez, Adolfo Suarez Espainiako presidentea izandakoa hil eta gero.

Rajoyk azken orduko prentsaurrekoa eskaini du Moncloan, presidente ohi espainiarra hil dela zabaldu eta ordubetera.

Rajoyren esanetan, "dolu honetan, Adolfo Suarezi egin lekiokeen omenaldirik onena berak egindako bidea jarraitzea da, alegia, espainiarren arteko akordio, adiskidetasun eta elkartasuneko bidea".

"Adolfo Suarezen heriotzak min handia eragin dit", esan du Rajoyk, eta ziur agertu da "milioika espainiarrek sentitzen duten sentimendu bera" dela.

Halaber, presidente espainiarrak ziurtatu duenez, "egun tristea bizi dugu espainiarrok, baina partekatzen dugun historiako pertsonai garrantzitsuenetako bati omentzeko eguna da baita ere".

Rajoyren esanetan, Suarez "espainiarren adiskidetza erdiesteko topagune egokiena izan zen" eta "Estatu-gizon baten neurria eman zuen, adostasunak lortzeko zuen gaitasunagatik".

"Zuen abertzaletasunak espainiar nabarmen bihurtu ez ezik, europar nabarmena ere bihurtu zuen", azpimarratu du.

81 urterekin heriotza

Adolfo Suarez 81 urterekin hil da Madrilen, Suarez familiaren bozeramaileak igande honetan jakinarazi duenez. Suarez familiaren bozeramaile lanak egin dituen Fermin Urbiolak 15:14an iragarri du Adolfo Suarezen heriotza.

"Familiak hala eskatuta Adolfo Suarez hil dela jakinarazten dizuet. Eskerrik asko zuen maitasunarengatik", adierazi die Fermin Urbiolak Madrilgo Cemtro klinikan bilduta zeuden kazetariei.

Urbiolak hunkituta eta urduri hitz egin du eta bi alditan errepikatu behar izan du mezua: lehena telebistako kameren aurrean, eta bigarrena, klinikaren atarian zeuden kazetarien aurrean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak