Politika -

Soslaia

Biografia: Suarez, Trantsizioaren erdian kokatu zen politikaria

Espainiako Trantsizio politikoa ahalbidetu zuen presidentea izan zen. Cebrerosen (Avila) jaio zen, 1932ko irailaren 25ean. 2003ko maiatzaren 2an azken agerraldi publikoa egin zuen.

Adolfo Suarez bere ibilbide politikoko une batean. Argazkia: EFE
Adolfo Suarez bere ibilbide politikoko une batean. Argazkia: EFE
Adolfo Suarezen biografia

2:24

Eriz Lotina | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Francoren diktaduraren ostean, Adolfo Suarez aurreneko Gobernu demokratikoaren presidentea izan zen, eta Espainiako trantsizio politikoa ahalbidetu zuen.

Adolfo Suarez Gonzalez Cebrerosen (Avila) jaio zen, 1932ko irailaren 25ean. Zuzenbidean lizentziaduna zen eta Administrazioan kargu desberdinak izan zituen. Gaztetatik bizitza politikoan parte hartu zuen, Fernando Herrero Tejedorren eskutik. Tejedor Francoren erregimeneko "erreformista" izan zen.

1964az geroztik TVE telebistarekin lotuta lan egin zuen eta 1969an zuzendari nagusia izendatu zuten. 1973ra arte zuzendari nagusia izan zen.

1975ean, Herrero Tejedor ordezkatu zuen Mugimenduko ministro idazkari nagusi gisa. Hura Monarkiaren lehen Gobernua izan zen, eta Carlos Arias Navarro izan zuen presidente.

Gobernuko presidentea

Navarrok kargua utzi ostean, 1976ko uztailean, Juan Carlos erregeak Gobernuko presidente izendatu zuen. Erregearen konfiantzazko gizona bihurtu zen eta diktadurarekin bukatu zuen erreforma politikoa bultzatu zuen Suarezek.

Adolfo Suarez efe

Suarez Juan Carlos erregearekin. Argazkia: EFE

Torcuato Fernandez Mirandaren laguntzarekin Erreforma Politikoaren Legea idatzi zuen. 1976an, erreferendumean, onartu zuten eta demokraziari atea zabaldu zioten.

Militarren neutraltasunik gabe erreforma alferrikakoa zela bazekin Suarezek, eta 1976ko irailean Manuel Gutierrez Mellado jenerala Gobernuko presidenteorde izendatu zuen. Melladok aurreneko erreforma militarra martxan jarri zuen.

Erreforma Politikoaren Legea onartu eta gero, alderdi guztiak legez onartzea eskatu zuen oposizioak. 1977ko martxoaren 11n amnistia politikoa onartu zuten eta horrek bidea erraztu zuen.

Apirilaren 9an Suarezen Gobernuak Alderdi Komunista legeztatu zuen, eta apirilaren 28an sindikatuekin gauza bera egin zuen.

1977ko ekainaren 15erako hauteskundeak deitu zituen. UCD koalizioaren zerrendaburua izan zen Madrilen. UCDk hauteskundeak irabazi zituen eta Suarezek Monarkiako hirugarren Gobernua eta demokraziaren aurrenekoa osatu zuen 1977ko uztailaren 5ean.

Garai horretan Kataluniako, Euskadiko eta Galiziako Estatutuak idazteko prozesuak martxan jarri zituzten. Era berean, Konstituzioa idazteko adostasun politikoa lortu zuten. Parlamentuan eztabaidatu ostean, erreferendumean onartu zen 1978ko abenduan.

1979ko martxoaren 1erako hauteskunde orokorrak deitu zituen. UCDk berriro irabazi zuen eta apirilaren 2an inbestidura egin zioten. Demokraziaren lehen Gobernuko presidentea izan zen.

PSOEk aurkeztutako zentsura-mozioa 1980ko maiatzean gainditu ostean, sektore sozialek eta politikoek bere kudeaketa gogor kritikatu zuten eta UCD barruan krisia zen nagusi. Gauzak horrela kargua uzteko erabakia hartu zuen 1981eko urtarrilaren 29an.

Lau egun geroago Estatuko Aldizkari Ofizialean dimisioa argitaratu eta Suarezeko duke izendatu zuten.

Adolfo Suarez efe

Suarez Felipe Gonzalezekin. Argazkia: EFE

Abokatu-langela zabaldu zuen

1981eko apirilean abokatu-langela zabaldu zuen Madrilen, eta azaroan UCDko zuzendaritza utzi zuen. Urtebete geroago alderdia utzi zuen.

1991eko urrian Suarezek politika (CDS) laga zuen eta familia izan zen bere kezka nagusia. Marian alabak eta Amparo emazteak minbizia zuten. Emaztea 2001ean hil zen, eta alaba 2004an.

Suarezen azken agerraldi publikoa 2003ko maiatzaren 2an izan zen, hauteskunde-mitin batean. Adolfo Suarez Illana semea Gaztela-Mantxako presidente izateko PPren hautagaia izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea