Politika -

Heriotza

Iñaki Azkuna hil da

Hileta astelehen eguerdian egingo dute, Santiago Katedralean. Ibon Areso, Azkunaren konfiantzako pertsona, Bilboko alkate berria.

Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. EFE
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. EFE
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea zendu da, minbiziak jota

1:53

Eriz Lotina / David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Azkuna Bilboko alkatea zendu da ostegun gauean, etxean, 11 urte minbiziaren aurka borroka egin eta gero, Bizkaiko hiriburuko Udalak iragarri duenez.

Azkunaren hilotza larunbatean erraustuko dute, Bilboko hilerrian, Derio herrian. Ondoren, baina, errautsak sorterrira, Durangora, eramango dituzte.

Ekitaldia 10:00etan egingo dute, baina senideak eta gertukoenak baino ez dira izango bertan, hala nola Iñigo Urkullu lehendakaria.

Bilboko alkatearen gorpua Boluetako beilatokira eraman dute, eta, Azkunak berak eskatuta, ez dute hil-kaperarik jarriko.

71 urteko alkatea bere etxean hil da, "familia eta adiskideak alboan zituela", Udalak jakitera eman duenez.

Gaixotasun luzea

1999az geroztik Bilboko alkatea zen, eta 2003an prostatako minbizia diagnostikatu zioten. Eritasuna ez zuen sekula ezkutatu. Gaixotasunak okerrera egin du azken egunetan, eta horrek heriotza eragin dio, ostegun honetan.

Azkuna otsailaren 23an ospitaleratu behar izan zuten makalaldi baten ondorioz. Azken ekitaldi publikoan hamar egun lehenago parte hartu zuen.

Bi egun geroago alta jaso zuen tratamendua bere etxean jarraitzeko.

iñaki azkuna principe felipe mayors iturria: ayuntamiento de bilbao

Azkuna Asturiaseko printzearekin. Argazkia: EFE

Martxoaren 2an erregeak bisita egin zion, foro ekonomikoaren inaugurazioan izango ez zela jakin eta gero.

Martxoaren 14an alkatearen osasun egoerak okerrera egin zuen, eta BBBk premiazko bilera egin zuen batzorde lokalei informazioa emateko.

Alkatearen osasunak azken urtean nabarmen okerrera egin zuen. Hiru ebakuntza egin dizkiote, horietako batean giltzurrun bat erauzi zioten.

Hiribilduaren eraldaketako alkatea

Bilboko alkate ospetsuenetako bat eta hiribilduaren eraldaketaren arduradunetako bat, hala gogoratuko dute askok Iñaki Azkuna (Durango, 1943; Bilbo, 2014).

Munduko alkaterik onena izendatu zuen 2013ko uztailean City Mayors fundazioak, Bilboko alkate hamar urtez baino gehiagoz izan eta gero. 1999an aukeratu zuten aurrenekoz hiribilduko agintari nagusi. Harrezkero, 2003an, 2007an eta 2011n ere irabazi ditu hauteskundeak; azken horiek, gehiengo osoz, EAJrentzat lehen aldiz Bizkaiko hiriburuan.

Alderdikideek ez ezik, oposizioak ere aitortu dio bere " herri arrakasta" (EAJk beste boz batzuetan erdietsitakoa aise gainditzen du).

iñaki azkuna toma posesion 2011 iturria ayuntamiento de bilbao

Azken hauteskundeen ostean Azkuna Bilboko Alkatetza hartu zueneko irudia. Argazkia: EFE

Erreakzioak

Eusko Jaurlaritzak bere "atsekaberik sakonena" adierazi nahi izan du Bilboko alkatearen heriotzaren aurrean, eta "urteotan, gaixo egon arren, erakunde instituzionalarekin zuen konpromisoa eta bilbotarrei ematen zien zerbitzua" nabarmendu du.

Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen heriotza "deitoratu" du EAJk,"politikari bakarra eta errepikaezina" izan delako. Senitartekoei elkartasuna adierazi die EH Bilduk. PSEk atsekabea azaldu du "uste sendoko gizon bat hil delako". PP "oso triste" azaldu da albistearen berri izan eta gero.

Alkate ospetsuaren heriotzaren aurrean, kultura, kirol eta enpresa munduek euren doluminak helarazi nahi izan dituzte. Athleticek bere doluminak helarazi nahi izan dizkie Iñaki Azkunaren "senideei eta ordezkatzen duen erakundeari", eta familiaren nahigabearekin bat egin du, web orrialdean argitaratutako ohar ofizial baten bitartez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Azkuna