Politika -

CANeko presidente ohiari

Cerverak Asiaini xantaia egin izanaren zantzuak atzeman ditu epaileak

Hemendik aurrera, fiskalak eta akusazio ezberdinek hamar eguneko epea izango dute ahozko epaiketa hastea edo kasua artxibatzea eskatzeko.

Cerverak Asiani xantaia egin ziola deritzo epaileak

0:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak Santiago Cervera PPko diputatu ohiak Nafarroako Kutxako presidente ohiari xantaia egin izanaren "zantzuak" atzeman ditu eta ikerketa amaitutzat jo du. CANeko presidente ohiari xantaia egitea leporatuta inputatu zuen Cervera abenduaren 14an.

Hemendik aurrera, fiskalak eta akusazio ezberdinek hamar eguneko epea izango dute ahozko epaiketa hastea edo kasua artxibatzea eskatzeko.

Gaur jakitera eman duen dokumentuan, epaileak esan du Cerverak Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiari xantaia egin izanaren zantzuak badaudela.

PPko ordezkari ohia 2012ko abenduan atxilotu zuten, eta "azpijoko batean" erori zela esan zuen orduan. Gerora, tranpa hori Eloy Velasco PPko parlamentariak jarri ziola adierazi zuen Cerverak.

Epailearen 'zantzuak'

"Tranpa" horren inguruan "arrazoizko azalpenik" eman ez izana egotzi dio epaileak Cerverari. "Atxilotu zutenean, jarrera ez zen tranpa batean erori den pertsona bati espero dakiokeena", esan du epaileak.

Bestalde, beste bi txostenen arabera, litekeena da Asiaini bidalitako mezuaren igorlea Cervera izatea. PPko diputatu ohiaren egoera ekonomikoa zein zen ikusita, "helburu ekonomikoa" ere ezin dela baztertu adierazi du epaileak.

Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiak salatu zuenez, abenduaren 5ean mezu elektroniko bat jaso zuen, mehatxupean 25.000 euro emateko aginduz, eta, egin ezean, CANetik berak eta bere semeak jasotzen zuten diruaren berri emango zutela esanez. Presidente ohiaren esanetan, "gezurra da" bere semeak CANen dirua jaso izana.

Ansoainen dirua jasotzera joan zenean atxilotu zuen Guardia Zibilak Cervera. Berak lehenengo momentutik esan du "azpijoko" baten biktima izan dela, eta azaroaren 29an mezu bat jaso zuela CANeko isilpeko informazioarekin.

Cervera: 'Errugabea naiz'

Epailearen erabakia ezagutu ondoren, Cerverak berretsi du errugabea dela eta helegitea aurkeztuko duela iragarri du.

15 hilabeteko instrukzioaren ondoren, defentsak azpimarratu du epaileak ez duela lortu delitua nola egin zen frogatzea.

"Harrigarria da pertsona bati leporatutako delitua nola egin duen azaldu gabe pertsona hori epaitzea", gaineratu du. Horregatik, auzia artxibatzea eskatuko du Cerveraren abokatuak.

Asiainen abokatua, "pozik"

Javier Asiain CANeko presidente ohiaren abokatua "pozik" agertu da epailearen ebazpenarekin, eta Cerverak "xantaia" egin izanaren "zantzu asko" daudela goraipatu du.

"Cerverak xantaia egin zuen zantzu argiak jasotzen dira auto horretan", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea