Politika -
Ekitaldia Basaurin
EAJk EH Bilduri: 'Presoak baino gauza garrantzitsuagorik badago'
Bizkai Buru Batzarreko presidenteak "benetako Euskadin lur hartzeko" eta "harrokeria" alde batera uzteko eskatu dio koalizioari.
Erredakzioa
Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak EH Bilduri esan dio "herri honetan" presoak bezain gauza garrantzitsurik edo garrantzitsuagorik badagoela eta presoak "euskal herritarren lehentasuna" ez direla adierazi du. "Langabezia eta ekonomia" dira, Atutxaren aburuz, herritarren kezka nagusia.
Basauriko San Migel auzoko batzoki berria inauguratzeko ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Atutxak, koalizioak Espainiako Gobernuari sakabanaketarekin "baldintzarik gabe" amaitzeko eskatu ostean. Izaskun Bilbao eurodiputatua eta Andoni Busquet Basauriko alkatea ere bertan izan dira.
Horrez gain, PSE-EE ere kritikatu du, "Madrilerako leihoa" dela esanez. "PSEk Euskadiren E soberan du, ez du hemen eta Nafarroan zer egiterik. PSE bozkatzea Madrilen erabakitzen dutena hautatzea da", azaldu du.
Krisi ekonomikoaren unerik larriena "igaro da", Atutxaren esanetan. Agintari jeltzaleak esan duenez, "zaintza intentsiboetatik ateratzen ari gara", baina "errekuperazio luzea izango da". "Egoera oso konplikatua da oraindik. Sufritzen jarraituko dugu; min egiten dit esateak, baina hala da", iragarri du.