Politika -

Espetxe-politika

ETAko presoek euskal kartzeletara gerturatzea eskatu dute, banan-banan

Eskatzaileen lehenengo taldea gaixo dauden presoek eta 70 urtetik gorakoek osatzen dute, Gara eta Berria egunkarien edizio digitalek jakitera eman dutenez.

EPPK-ren artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
EPPKko presoak hasi dira Euskal Herrira ekartzeko eskariak egiten

0:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaixo dauden eta 70 urte baino gehiago dituzten ETAko presoek, lehenengo aldiz banan-banan, Euskal Herriko kartzeletara ekartzea eskatu dute, eta, kasu batzuetan, kartzelatik ateratzea.

Eskaerak astelehen honetan izapidetzen hasi dira, eta datozen asteetan ere hori egiten jarraituko dute, Naiz.info webguneak jakitera eman duenez.

Lehenengo eskaera-txanda honen ostean, kartzelan denbora gehien daramaten presoek beste prozedura batzuk irekiko dituzte. Zehazki, Espainiako kartzeletan dauden presoek Zaballako (Araba) kartzelara lekualdatzea eskatu dute, eta Espainiatik kanpo daudenek, Ipar Euskal Herritik gertu dagoen kartzela batera.

Espetxe Zuzendaritzako iturriek, ordea, ez dute prozesuaren hasieraren inguruko berririk, Efe agentziari emandako informazioaren arabera.

16 preso

16 preso lirateke (10 gaixo daude eta beste sei 70 urtetik gorakoak), Europa Press agentziak jakitera eman duenez. Gaixorik eta Euskadiko espetxeetatik kanpo daudenen artean, honako hauek aipatu ditu agentziak: Josetxo Arizkuren Ruiz (Coruña), Inmaculada Berriozabal Bernas (Pontevedra), Gari Arruarte Santa Cruz (Almeria), Iñaki Etxeberria Martin (Salamanca), José Miguel Etxeandia Meabe (Salamanca), Ibon Fernández Iradi (Lannemezan, Frantzia) eta Ventura Tome Queiruga (Murtzia).

Egungo kartzela-politikaren salaketa

Presoek aurkeztutako idatzietan egungo kartzela-politika salatzen da, eta ezker abertzalearen ekimenarekin bat egiten dute, EPPK-k abenduaren 28an egindako deklarazioarekin.

Deklarazio hartan, ETAko presoek euren ekintzek "eragindako sufrimendua" onartu zuten, eta "banaka prozesu mailakatu bat" abiatzeko prest zeudela iragarri zuten, "zentzuzko denboran".

Irtenbide integralen eta presoen amnistiaren alde egin zuten, aurreko komunikatuetan ez bezala; Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kartzelatik ateratzeko prozesua onartu "lezakeela" esan zuen eta "lehentasunezko eran lekualdatzea" euskal kartzeletara, "legezko bideetatik, nahiz eta horrek zigorrak inplizituki onartzea ekarri".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea