Politika -
Lurralde Batzordea
Quiroga EAEko PPren presidente, berriro, bozen % 72,8 jasota
Azken hamarkadetan presidente batek jasotako babesik txikiena izan du, azken asteotako ika-miken ondorioz.
Erredakzioa
Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidente berrautatu dute bozen %72,8 jasota, alderdiak Donostiako Kursaalen egin duen 14. Lurralde Kongresuan.
Quirogak kargua mantentzea lortu du; alabaina, babesa sendotu beharko du, PPren presidenteak azken hamarkadetan presidente batek jasotako babesik txikiena jaso baitu, azken asteotako barne ika-miken ondorioz.
Quirogak Nerea Llanos legebiltzarkide bizkaitarra aukeratu du idazkari nagusia izateko; halaber, zuzendaritzaren egitura ere aldatu du presidente berriak, eta orain probintzietako presidenteak alderdiko presidenteorde ere dira, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia idazkariorde nagusia da.
Bozketaren ondoren, Quirogak egindako hitzaldian esan duenez, "goizean zerbait utzi dut esan gabe, alegia, Iñaki Oyarzabali eskerrak ematea; zuri eskerrak ematea Iñaki, egindako lanagatik, ematen duzunagatik eta emango duzunagatik".
Oyarzabalek alderdian izan duen ibilbideari buruzko bideo bat ikusi eta gero, Quirogak hitzaldiari ekin dio berriro, eta, haren esanetan "gurekin geratuko den zerbaitekin adiskidetu beharko gara: ziurgabetasuna".
"Lan hori egiteko -gaineratu du- egoera zailetara ezin hobeago egokitzen den pertsona bat aukeratu dut: Nerea Llanos".
Goizean egindako hitzaldian, Arantza Quirogak barkamena eskatu die Euskadiko Alderdi Popularraren 14. Lurralde Batzordea egin arte izandako "prozesu zail honetan sumindu" direnei eta "siglen irudia kaltetzeagatik". Quirogaren esanetan, Kursaalen bertaratutakoei eta aurretik alderdian izan zirenei esker "zentzua" hartu dute siglok, baina gehien bat "ETAk hildako kideei esker".
"Nire hitzaldia barkamena eskatuz hasi nahi dut; lehenengo gaurko kongresura arteko prosezu honetan suminduta sentitu zaretenoi. Barkamena, gehien bat, Euskadiko PPk dituen siglen irudia kaltetzeagatik; guk, gure aurrekoek baina, bereziki, ETAk hildakoek eman zieten zentzua sigloi", gaineratu du.
Euskadiko PPren presidenteak jendaurrean eskatu nahi izan du barkamena, alderdi horren buru gisa, organizazioa "gu baino askoz garrantzitsuagoa delako".
"Hazkundearen urtea"
Mariano Rajoy Gobernuaren presidentearen arabera, aurten "hazkunde ekonomikoaren eta enplegu garbia sortuko den" urtea da, eta egoerak hobera egingo duela baieztatu du.
"Gaur egun ez du inork esaten Espainia erreskatatuko dutenik ez euroa utzi beharko duenik", esan du Kongresuko itxiera-ekialdian egindako hitzaldian. Gainera, "egoera bere onera guztiz bueltatu ez den arren", orain "are hobeago daude".
Gainera, Rajoyk desegiteko eskatu dio ETAri, harekin ez baitago "ezer gehiagori buruz hitz egiterik", inork ez duelako "zorrik" ETArekin. "Bidezkoa, demokratikoa, eta zentzu handien duen modua da, desegin zaitezte", esan du.
"Pozik, Quirogaren gidaritzapean"
Iñaki Oyarzabal orain arte Euskadiko PPko idazkari nagusia izandakoak esan duenez, gaur "pozik" dago ez doalako "inora", baizik eta "hemen, Arantza Quirogak gidatutako PPn" geratuko dela.
Oyarzabalek Euskadiko PPren 14. Lurralde Batzordean egin ditu adierazpenok; halere, alderdian Oyarzabalek izandako ibilbidea zenbait momentutan omendu dute.
Iñaki Oyarzabalek "aitorpen, maitasunezko eta esker oneko" hitzez beteriko hitzaldi bat egin du, eta horren ostean besarkada bero bat eman dio Arantza Quirogari. Horrezkero, Quirogak negar egin du.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiaren arabera, Bilduk Nafarroan "zitalkeria egitea" saihestu du PPk, "buruan boterea nola lortu baino ez dutenek" ezker abertzalearekin batera gobernatzeko asmoa baitzuten.
"Zein ondo PP hor egon dela zitalkeria hori saihesteko!", esan du Cospedalek, Yolanda Barcinaren kontra zentsura mozioa aurkeztu nahi zutenen porrotari erreferentzia eginda.
Euskadiko PP Donostiako Kursaalen egiten ari den kongresuan, idazkariak Enrique Martin de Marcos Nafarroako PPko presidentearen presentzia eskertu du. Jarraian, alderdian "hainbeste jende on, zintzo eta ausart" edukitzeaz arro agertu da. Horien artean Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidentea eta Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramaile eta Arabako PPko presidentea aipatu ditu, besteak beste.
Euskadiko Alderdi Popularraren 14. Lurralde Batzordeak bigarren eta azken eguna du gaur Donostiako Kursaalen. Arantza Quiroga aukeratuko dute, berriro, presidente kargurako.
Ramon Gomez Donostiako Udaleko PPko zinegotziak eman dio hasiera goizeko saioari. Aurretik, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia eta Quiroga Kursaalen bertan jarri duten erakusketara joan dira, euskal popularren historia jasotzen duen erakusketa. Bi buruzagiak jaka morea jantzita dira gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.
Presidentea aukeratzeko bozketaren emaitza arratsaldean jakingo da, itxiera hitzaldiaren aurretik. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak egingo du azken hitzaldia.