Politika -
Soslaia
Nerea Llanos, bigarren mailan egon den ibilbide luzeko politikaria
Euskadiko PPren idazkari nagusi berriak 46 urte ditu eta Zuzenbidean lizentziaduna da. Llanos ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Irakurketa, antzerkia eta igeriketa ditu gustuko.
Erredakzioa
Nerea Llanos Gomez Euskadiko PPren idazkari nagusi berriak 20 urteko ibilbide luzea du politika munduan. Llanos kargu garrantzitsuetan izan da, baina bigarren maila batean egon da beti Bizkaian.
Iñaki Oyarzabalen ordezkoak 46 urte ditu eta Zuzenbidean lizentziaduna da. Ibilbide politikoa Galdakaoko zinegotzi gisa hasi zuen, 1995ean. Sei urte eman zituen Galdakaoko Udalean.
Legealdi bat zinegotzi bezala eman eta gero, 1999an Bizkaiko Batzar Nagusietara salto egin zuen. Urte asko eman ditu bertan, baina hasieran Galdakaoko Udaleko lanarekin uztartu zuen.
Bizkaiko Ganberan hasieratik paper garrantzitsua izan zuen Llanosek; izan ere, ordezko bozeramailea eta 2003tik 2011ra arte Batzar Nagusietako Mahaiko kide izan zen. Zortzi urte kargu horretan ematea pauso garrantzitsua izan zen Llanosentzat PPren barruan, baina Bizkaiko Ganberan parte-hartze eskasa izan zuen eta Carlos Olazabal bozeramailearen protagonismorik ez zuen lortu.
2011n ahaldun akta berritu zuen, baina beste hiru hilabete soilik eman zituen Batzar Nagusietan; izan ere, irailean kargua utzi zuen Eusko Legebiltzarrera alde egiteko. Esther Martinez ordezkatu zuen Gasteizko Ganberan. Martinez Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagai izendatu zuen alderdiak.
2012ko hauteskundeetan berriro bereganatu zuen eserleku hori Llanosek, EAEko hamargarren legealdirako.
Bizkaiko PPn garrantzia hartu zuen hasieratik, baina Bizkaiko Batzar Nagusietan gertatu bezala, geldituta geratu zen. Ekintza Instituzionaleko idazkariordea izan zen 1999tik 2012ra arte.
2012ko ekainean Bizkaiko PPren idazkari nagusi izendatu zuten. Presidentearen bigarrenak, Llanosek, protagonismo handiagoa bereganatu du azkenaldian, Anton Damboreneak politika ekonomikoan lanak izan dituelako.
Nerea Llanos ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu, baina orain arte ez du Euskadiko PPren zuzendaritzan kargu garrantzitsurik izan.
Irakurketa, antzerkia eta igeriketa ditu gustuko idazkari nagusi berriak.