Politika -
Euskadiko PP-ren kongresua
Nerea Llanos aukeratuta, Quirogak amaitutzat eman du PPren krisia
Talde berriak hiru presidenteorde izango ditu, egun dagoen bakarraren ordez: Anton Damborenea Bizkaian, Alfonso Alonso Araban eta Borja Semper Gipuzkoan.
Erredakzioa
Nerea Llanos legebiltzarkidea izango da Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiaren ordezkoa, Arantza Quiroga presidenteak ostegun honetan iragarri duenez.
Quirogak Oyarzabal ordezkatzea erabaki ostean izandako krisiaren ostean, Euskadiko PPko presidenteak arratsalde honetan iragarri du Nerea Llanos Bizkaiko abokatua eta legebiltzarkidea hautatu dutela kargu horretarako, "alderdi osoaren babesarekin".
Nerea Llanos Gomezek Zuzenbidea ikasi zuen, eta Galdakaoko Udaleko zinegotzia (1995-2011), Bizkaiko Batzar Nagusietan ahalduna (1999-2012), Bizkaiko PPko ekintza instituzionalaren ordezkariordea (1999-2012), Euskadiko PPko Antolakuntza idazkariordea (2012) izan da, gaur egun, Bizkaiko PPko idazkari nagusia da (2012).
Quirogak Euskadiko PPko zuzendaritzak adostutako organigrama berria iragarri du.
Talde berriak hiru presidenteorde izango ditu, egun dagoen bakarraren ordez, lurralde bakoitzeko bat: Anton Damborena (Bizkaia), Alfonso Alonso (Araba) eta Borja Semper (Gipuzkoa). Azken horiek agerraldia egin dute, idazkari nagusiarekin batera.
Halaber, Laura Garrido Arabako legebiltzarkidea izango da alderdiko bozeramaile berria, eta Javier de Andres arabarra, lurraldeko ahaldun nagusia, idazkariorde nagusia.
Quiroga Euskadiko PPko presidente berretsiko dute, aurkeztutako taldearekin batera, larunbatean, Donostian hasiko den kongresuan.