Politika -
Elkarrizketa ETB-1en
Zabaleta: 'PSOEren erabakia zentralismoaren ostikada bat izan da'
Aralar-NaBaiko bozeramaileak abertzaleak "baztertu" nahi izatea leporatu die UPNri eta PSOEri.
David Perez | eitb.com
Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko bozeramailearen ustez, PSOEk PSNri Yolanda Barcina Foru Gobernuko presidentearen aurka zentsura mozioa aurkeztea galarazi izana "zentralismoaren ostikada bat" izan da, "ez bakarrik Nafarroako herritarren" aurkakoa, baizik eta PSNko kideen kontrakoa ere bai.
"Egun on Euskadi" ETB-1eko saioan egindako elkarrizketa batean, 2007. urtean bezala, Madrilek "ateak itxi" egin dituela salatu du Zabaletak
"PSNko parlamentariek oldartu egin beharko lukete [PSOEren agindu] horren aurka, eta beste zerbait sortu, baina ezinezkoa dirudi", iritzi dio.
Horren esanetan, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiarentzat "une gogorra" da, eta "duintasuna mantendu" beharko lukeela uste du, horren ibilbide guztia "desautorizatuta" geratu baita. Izan ere, gaur PSNren Lurralde Batzordean egingo duten bileran zentsura mozioa aurkeztea "gehiengo handiz" onartuko zutela gogorarazi du.
Testuinguru honetan, Zabaletak abertzaleak Nafarroan "baztertu" nahi izatea egotzi die UPNri eta PSOEri. "Demokrazian oinarrizkoena bazterketarik ez egitea da, eta hori da Nafarroako Erregimen zoritxar honek izan duen ezaugarri nagusia: abertzaleak bigarren mailakoak izatea eta Gobernuan ez sartzea".