Politika -
Zuzendaritza
PPren bilera hasi bezala amaitu da Gasteizen
"Desengainua inork" hartuko ez duela adierazi du Quirogak bileraren ostean. Hala ere, "erantzukizuna" eskatu du buruzagiak.
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal idazkari nagusia ordezkatzeko hautagaiaren inguruan eztabaidatu gabe amaitu da Euskadiko PPren zuzendaritzako bilera arratsaldean.
PPko iturriek jakitera eman dutenez, bilerak 15 minutuko iraupena izan du eta Arantza Quiroga alderdiko presidenteak ez du hitza hartu.
Zuzendaritzak ostiraleko eta larunbateko ezohiko kongresuaren araudia onartu du soilik.
Manuel Uriarte Gasteizko Ogasun zinegotziak Oyarzabalen ordezkoa izatea proposatu zuen Quirogak, baina Uriartek karguari uko egin zion asteartean.
Egoera zaila ikusita, alderdiko buruzagi nagusiek kongresuari begira Quirogaren lantaldea osatzeko eztabaida gaur izan behar zutela ematen zuen, baina kongresuko araudia onartu dute bakarrik.
Hala ere, larunbatera arte "akordioa lortzeko denbora" dagoela esan dute PPko iturriek.
"Desengainua inork" hartuko ez duela adierazi du Quirogak bileraren ostean. Hala ere, "erantzukizuna" eskatu du buruzagiak.
PPren ibilbidea ikusita "guztien erantzukizuna" merezi du alderdiak, "bereziki" Euskal Herrian, Quirogaren hitzetan, "eta ez diogu inori huts egingo".
Idazkari nagusia aukeratzeko "akordioa eta erantzukizuna" egongo dela esan du Alonsok. Asteburuan "dena ondo ateratzea garrantzitsuena" dela gaineratu du. "Erantzukizuna eta akordioa egongo da", errepikatu du.
Idazkaritza nagusia hartuko duen pertsona "lehenbailehen" aukeratzeko borondatea dute alderdiko buruzagi guztiek, Borja Semper Gipuzkoako PPren presidenteak adierazi duenez.
Zuzendaritzaren bilera 18:30 aldera hasi eta 10-15 minutu geroago bukatu da. Borja Semper alderdiko egoitzatik ateratzen lehena izan da.
Alderdiko idazkaritza nagusia hartuko duen pertsonaz eztabaidatu ez dutela errepikatu du Semperrek; izan ere, bilera kongresuko araudia adosteko zen.
Hala ere, idazkari nagusia aukeratzeko adostasuna lortuko dutela ziurtatu du Semperrek. "Ez dakit 48 ordutan izango den, nik 24 ordu barru izatea nahiago dut, gainerako presidenteek eta Arantza Quirogak lehenbailehen aukeratu nahi dute", erantsi du.