Politika -
Politika Orokorreko bilkura
Espainiak ez du Kataluniako galdeketa onartuko 'legez kanpokoa delako'
Kataluniako herritarren alde eta euren “ongizatea defendatzeko” borrokatu egingo duela nabarmendu du Rajoyk. “Ziur egon zaitezkete, nire eginbeharrak beteko ditut”, gaineratu du.
Erredakzioa
Katalunian bizi diren “pertsona guztiengatik” bere kezka adierazi du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eta, gaineratu duenez, inor ez da gai bere kabuz “Espainiako herritarren erabakitzeko eskubidea urratzeko".
Espainiako egoera ekonomikoaz aritu da Rajoy ordubetez eta, ondoren, Kataluniak deitutako herri-galdeketaren inguruan mintzatu da Estatuko presidentea, Politika Orokorreko osoko bilkuran.
Kataluniako herritarren alde eta euren “ongizatea defendatzeko” borrokatu egingo duela nabarmendu du Rajoyk. “Ziur egon zaitezkete, nire eginbeharrak beteko ditut”, gaineratu du.
“Espainia Zuzenbide Estatu bat da, eta legea da gu gobernatzen gaituena: Katalunian bizi diren herritarren etorkizuna Gobernu honen kezka handienetarikoa da, herritar horien ongizatea eta etorkizuna kolokan jarri nahi dutelako; espainiarrek ezagutu dugun eredu bakarra batasunarena izan da: ez dugu nahi eta ez zaigu komeni eredu hori apurtzea”, azaldu du.
Rajoyren hitzetan, Kataluniako galdeketa ez da egingo, “legearen aurkakoa” delako. Hala ere, Konstituzioaren baitan aldaketak egitea posiblea dela azpimarratu du, “beti ere legea betetzen baldin bada”. “Konstituzioa aldatzea nahi dutenek, posible dute aldaketa horiek proposatzea, baina Zuzenbide Estatuaren pausoak jarraituz egin beharko dute”.