Politika -

Bakegintza

Jaurlaritzak egiaztatzaileen alde egin du ETAri pauso gehiago eskatuta

Bestalde, Jonathan Powell bitartekaria Euskal Herrira iritsiko da asteazkenean, politika eta gizarte munduko zenbait eragile politikorekin biltzeko; tartean, Iñigo Urkullu lehendakariarekin.

Josu Erkoreka, Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB.
Josu Erkoreka, Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB.
Egiaztatzaileek lanean tinko jarraituko dutela dio Erkorekak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "iragarritako pausoetan aurrera egiteko" eskaera egin dio ETAri. Horrez gain, eta Egiaztatzaileen Batzordeaz hitz egiterakoan, Erkoreka ziur agertu da Batzordea "orain arteko gogoarekin eta konpromisoarekin" lanean jarraituko duela esatean.

Jaurlaritzako Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan esan duenez, nazioarteko egiaztatzaileek konpromisoari eutsiko diote, nahiz eta Auzitegi Nazionalak "ezohiko ekintza judiziala" abian jarri, egiaztatzaileak deklaratzear deituta.

Igandean, egiaztatzaileek lekuko gisa deklaratu behar izan zuten Auzitegi Nazionalean Covite Euskadiko Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eskatuta. Epaileari esan ziotenez, ETAko kideek armak erakutsi ondoren, berriro bueltan eraman zituzten, kartoizko kaxa batean.

Iñigo Urkullu lehendakaria Madrilen izan zen igandean, egiaztatzaileei "babesa" emateko.

Jonathan Powellen bisita

Jonathan Powell Tony Blairren kabineteko buruzagi ohia Euskal Herrira etorriko da asteazkenean politika eta gizarte munduko zenbait eragile politikorekin biltzeko (tartean, Iñigo Urkullu lehendakariarekin). Powellek nazioarteko egiaztatzaileen inguruan sortutako giroa aztertu nahi du, batez ere, Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu dituenetik.

Powellen bisita Lokarrik Donostian deitutako ekitaldirako aurreikusita zegoen, baina ekitaldia astelehenean bertan behera utzi zuten "momenturik egokiena" ez dela argudiatuta. Ekitaldira 2011n Aieteko Konferentzian zuten zenbait pertsona deituta zeuden.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea