Politika -
ETAren desarmea
Bake prozesuari 'jokalekutik' begiratzeko eskatu dio Sortuk Urkulluri
Sortuk ez du uste Espainiako eta Frantziako Gobernuek euren jarrera aldatuko dutenik, baina ezker abertzaleak orain arteko “aldebakartasuna” mantenduko du.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak “aldebakartasunaren aldeko” apustua berretsi du gaur eta, bake prozesuaren aurrean inplikazio “gehiago” eskatu dio EAJri eta Iñigo Urkullu lehendakariari.
Bihar egiaztatzaileek Bilbon egingo duten agerraldiari begira, “informazio garrantzitsu bat” ezagutzera emango dutela aurreratu du Pernado Barrena Sortuko ordezkariak, baina ETAren desarmearen inguruko “keinuei” buruz hitz egitea “espekulatzea” besterik ez dela adierazi du.
Sortuk ez du uste Espainiako eta Frantziako Gobernuek euren jarrera aldatuko dutenik, baina ezker abertzaleak orain arteko “aldebakartasuna” mantenduko du, azken urteetan “tresna emankorra izan delako”.
Barrenaren hitzetan, Madrilen “ezezko guztien gainetik”, bakegintzan “aurrera segi beharra dago”.
Bake prozesuari “hesitik baino” jokalekutik begiratzeko eskatu dio Barrenak Urkulluri, Jaurlaritzak presoen, biktimen eta ETAren desarmearen inguruan “paper garrantzitsua” izango duelako.
Bestalde, autogobernuaren inguruko lantaldean EAJk PSE-EErekin hitzarmena sinatu izana kritikatu du Sortuko bozeramaileak. Gogoratu duenez, sozialistak “erabakitzeko eskubidearen aurka daude”.