Politika -

Diputatuen Kongresua

Kataluniako subiranotasun egitasmoa baztertu du Diputatuen Kongresuak

PP, PSOE, UPyD eta UPN alderdiek mozio bat onartu dute, eta Gobernuari eskatu diote erabil ditzala Konstituzioak ahalbidetzen dituen tresnak legea bete dadin bermatzeko.

Daniel Sanchez Llibre CiUko diputatua Espainiako Kongresuan. Argazkia: EFE
Daniel Sanchez Llibre CiUko diputatua Espainiako Kongresuan. Argazkia: EFE
Daniel Sanchez Llibre CiUko diputatua Espainiako Kongresuan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuak Kataluniako subiranotasun egitasmoa baztertu du ostegun honetako osoko bilkuran. PP, PSOE, UPyD eta UPN alderdietako diputatuek Rosa Diezen alderdiak aurkeztutako mozio bat onartu dute, eta Konstituzioak ahalbidetzen dituen tresnak erabiltzea eskatu diote Espainiako Gobernuari, legearen betetzea bermatzeko.

Bozketan, 316 aldeko boto (PP, PSOE, UPyD eta UPN), abstentzio bat (Alfonso Guerraren akatsa) eta oposizioko gainerako alderdien kontrako botoak izan dira.

Mozioa onartuta, erabakitzeko eskubidearen inguruan Kataluniako Parlamentuak irailaren 23an onartu zuen adierazpena baztertu du Diputazioen Kongresuak.

PSOEk mozioa babestea erabaki du, UPyDk Alderdi Sozialistak aurkeztutako zuzenketa onartu ostean. Mozioko bi puntuak banan-banan bozkatzea eskatzen zuten sozialistek.

Mozioko lehen puntuak Kataluniako subiranotasun egitasmoa baztertzea proposatzen zuen, eta bigarrenak, berriz, administrazio eta erakunde guztiek Konstituzioko 118. artikuluak dioena betetzea eskatzen zuen. Aipaturiko artikuluak epaiak eta gainerako ebazpen judizialak betetzeko obligazioa ezartzen du. PSOEren ebazpenak, bestalde, Konstituzioak ahalbidetzen dituen tresnak erabiltzea eskatzen dio Espainiako Gobernuari, legea bete dadila bermatzeko.

Bozketa egin baino minutu batzuk lehenago pozik agertu da Rosa Diez UPyDko buruzagia, haren alderdiak aurkeztutako mozioak babes zabala izango zuela aurreikusten zuelako.

Mas: "Erdibidean gaude, eta Estatukoa kopiatu gabe gure Ogasun propioa izan nahi dugu"

Kataluniako Zergen sorrerarekin "erdibidean" daudela adierazi du Artur Mas Kataluniako presidenteak. Horren esanetan, "helburua Estatukoa kopiatu gabe Ogasun propioa sortzea da: modernoagoa eta errepresio gutxiago duena".

Artur Masek Generalitateko Jauregian egin den Kataluniako Zergen erakundea (Tributs de Catalunya) aurkezteko ekitaldian parte hartu du gaur, lau diputazioetako presidenteekin batera. Kataluniako zergak biltzeko ardura izango duten bulegoen sarea aurkeztu dute gaurkoan.

Espainiak Kataluniako finantzak "itotzen" dituela salatu du Masek. "Hau gainetik kendu beharra daukagu, gure interesen kontrakoa delako, eta gure tresnak garatzea da horretarako bidea", gaineratu du.

"Prozesuaren erdibidean gaude, gure Ogasun propioa izatea baita gure helburua. Halaber, modernoagoa, osoagoa, integrala eta hurbilagoa izatea nahi dugu", azaldu du. Gaurkoa pauso garrantzitsua dela aitortuta ere, bidearen erdian daudela nabarmendu du, finantza alorrean autonomia izatea eta pertsonen eta enpresen zergak biltzea eta kudeatzea baita etorkizuneko erronka, horren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa