Politika -
ETA-ren desarmea
Egiaztatzaileen Batzordea: 'Iragarpena urrats garrantzitsua izango da'
Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak ETAk armak ezkutatzeko erabiltzen dituen ezkutalekuetako batzuen kokapenaren berri eman lezake. Agerraldia ostiral honetan izango da, 14:00etan, Bilbon.
Erredakzioa
Ram Manikkalingamek zuzentzen duen Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearen arabera, ostiral honetan egingo duten iragarpena "urrats garrantzitsua eta positiboa" izango da ETAren amaieraren bidean.
Aurrerapauso hori ETAk armak ezkutatzeko erabiltzen dituen ezkutaleku batzuen kokapenaren edo itxieraren berri ematea izan liteke, Europa Press agentziak zabaldu duenez.
Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak ostiral honetan egingo du agerraldia, Bilboko Carlton Hotelean, 14:00etan. Bake-prozesua zein egoeratan dagoen azalduko dute, oro har, baina gai nagusia ETAren desarmea izango da.
Agerraldian izango diren Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko kideak ondoko hauek dira: Ram Manikkalingam Dialogue Advisory Group erakundeko zuzendaria eta Sri Lankako presidentearen aholkularia Tigre Tamilekin izandako negoziazioetan; Chris Maccabe Hegoafrikako Defentsa eta Inteligentzia ministroorde izandakoa; Ronnie Kasrils Erresuma Batuak Ipar Irlandan duen Bulegoko zuzendari politiko eta Espetxeetako buruzagi izandakoa; Satish Nambiar Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiaren ordezkari ondoko eta NBEk Jugoslavia ohian izan zuen Misiorako buruzagi eta komandante izandakoa; Aracelly Santana NBEren Nepalerako misioko burua eta Fleur Ravensbergen Dialogue Advisory Group taldeko zuzendariordea.
Egiaztatzaileak ostegunean helduko dira Euskadira, eta, antza denez, bilerak egingo dituzte hainbat alderdirekin eta ordezkari instituzionalekin.
Hurrengo egunean, ostiralean, ETAren desarme konpromiso bat eskainiko omen dute. Iazko martxoan, egiaztatzaileek erakunde armatuko ordezkariekin zituzten hartu-emanak bertan behera utzi zituzten, desarmerako bidean aurrerapausorik lortu ez zutelako. Armak entregatzeko konpromisoa lortu ezean, euren lana bertan behera utziko zutela ohartarazi zuten aldez aurretik.
Europa Press agentziak zehaztu duenez, egiaztatzaileek hartu-emanak izan dituzte ETArekin, eta, ostiralean, "aurrerapauso garrantzitsu eta positibo" baten berri emango dute.
Hilaren 8an, aurki "ekarpen garrantzitsuak" egingo dituela aurreratu zuen ETAk.
Martxoaren 1ean, Lokarrik eta Bake Bideak Bakearen aldeko Foroa antolatuko dute Baionan, eta Brian Currinen taldeak parte hartuko du bertan.