Politika -

Dokumentazioa

Presoek ETAren desarmean izandako papera

Hainbat alorretan, presoek aurrera hartu dute, eragindako mina eta legaltasuna aitortuta, kasu.

Ines del Rio preso ohia, espetxetik ateratzen. EFE
Ines del Rio preso ohia, espetxetik ateratzen. EFE
Ines del Rio preso ohia, espetxetik ateratzen. EFE

D.P. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2011. urteko urrian ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik bake eta normalizazio prozesuan eman diren mugimendu garrantzitsuenak presoen eta espetxeen alorrean eman dira.

Hori horrela, presoek zeregin garrantzitsua izan dute ETAren desarmean, aurrea hartu baitute hainbat arlotan, eragindako mina eta legaltasuna aitortuta, kasu.

Orain arte, ETAk "gatazkan erantzukizunik ez dutenei" eragindako mina, hau da, 'zeharkako kaltea', baino ez du aitortu, Garikoitz Aspiazu Txeroki ETAko buru militar ohiak 2013. urteko otsailean, Parisen egindako epaiketa batean, irakurri zuen adierazpen batean nabarmendu zuenez.

Testuinguru honetan, EPPK-k, ETAko eta ezker abertzaleko presoak biltzen dituen kolektiboak, banakako gizarteratze prozesua abiatuko du. Hain zuzen ere, Espainiako espetxeetan daudenak Zaballara (Araba) eramatea eskatuko dute, eta Frantzian daudenak, etxetik gertuen duten kartzeletara.

Otsailaren 15ean Gara eta Berria egunkarietan publikatutako elkarrizketa batean, gaixotasun larriak dituzten eta 70 urtetik gorakoak diren presoak aske uztea ere eskatuko dutela azaldu zuen EPPK-k.

Aldez aurretik, abenduaren 28an, kolektiboak eragindako mina aitortu zuen, eta, lehen aldiz, legaltasuna onartu zuen, "horrek inplizituki gure zigorraren onarpena dakarren arren", amnistiaren aldarrikapen historikoa alde batera utzita.

Horrela, kolektiboaren 500dik gora presoek espetxe onurak eskatzeko edota banakako gizarteratze prozesuari ekiteko bidea hasi zuten.

Foro Sozialaren gomendioak

EPPK-k zazpi hilabete behar izan zituen Lokarrik eta Bake Bideak sustatutako Foro Sozialak egindako gomendioei erantzuteko. Maiatzean, foro horrek 12 aholku eman zizkien Espainiako Gobernuari, ETAri eta presoei eurei, bake-prozesua "desblokeatzeko".

Presoei dagokienez, eragindako mina aitortzeko eta banakako gizarteratze prozesua onartzeko deia egin zien. Azkenean, presoek onartu egin dituzte aholkuok, baina kolektibo osoaren erabaki gisa.

Banakako gizarteratzearen edo amnistiaren eztabaida pil-pilean izan da presoen artean, 2011. urtean Gernikako Akordioa sinatu zutenetik. 2012ko udan, adibidez, EPPK-k errefusatu egin zuen damutzea, eta amnistiaren aldeko apustua berretsi zuen. Harrezkero, baina, ezker abertzaleak legaltasuna onartzeko dei egin izan dio, Sortuk erakundeetara itzuli ahal izateakoAlderdien Legearekin egin bezala.

Tentsio une handienak

Espetxeetan izandako tentsio eta zalantza une handiena irailaren 30ean piztu zen, Guardia Zibilak Herriraren, Gernikako Akordioaren babesean sortutako presoen aldeko plataformaren, aurka egin zuenean.

Egun horretan, 18 pertsona atxilotu zituzten, eta, praktikan, plataforma legez kanpo utzi zuten. Hainbat hedabidek irakurketa politikoa egin zuten: Espainiako Gobernuak presoei presio egiteko modu bat izan zela, alegia. Eusko Jaurlaritzak eta PPk eta UPyDk ez beste euskal alderdiek gogor kritikatu zuten operazioa.

Zalantzak berriz ere piztu ziren urtarrilean, Auzitegi Nazionalak presoen alde urtero egiten den manifestazioa debekatu zuenean, eta otsailaren 4an ere, Arkaitz Bellon presoa ziegan hilik topatu zutenean.

Manifeztazioaren debekuaren ondorioz, EAJ eta Sortu elkarrekin atera ziren kalera, "Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea" lelopean.

'Parot doktrina'ren amaiera, norabide aldaketa

Guardia Zibilak Herrira plataformaren aurka egin eta hilabete batera, zalantza eta atzerapauso salaketa testuinguru horretan, Estrasburgoko Auzitegiak baliogabetu egin zuen 'Parot doktrina', eta, ondorioz, 20-25 urtetik gora espetxean eman dituzten eta aske geratzeko data atzeratu egin zieten dozenaka preso libre utzi zituzten.

Giza Eskubideen Europar Batasuneko Auzitegiaren erabakiak bizkortu egin zuen bake-prozesua, eta mugimendu gehiago egotea ahalbidetu zuen.

Aste gutxian, ETAko 50 preso baino gehiago espetxetik atera ziren; horietako asko, historikoak, hala nola Jose Antonio Lopez Ruiz, Kubati; Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Txikierdi; Domingo Troitiño eta Ines del Rio.

Terrorismoaren biktimak minduta agertu ziren, eta Espainiako Gobernutik aldendu ziren, baina epai horrek arnasa eraman zuen espetxeetara, eta presoek legaltasuna onartzeko bidea argitu zuen.

Eta orain, zer?

Presoek legaltasuna onartu eta gero, legediak ETAtik aldentzea, biktimei barkamena eskatzea eta Justiziarekin kolaboratzea jartzen die baldintza gisa, espetxetik ateratzeko.

Baldintzapeko askatasuna lortu aurreko pausoa hirugarren gradua jasotzea da. Espetxean lo egiteko baino ez egotea dakar horrek. Preso bati hirugarren gradua ezarri edo ez Espetxe Zuzendaritzak hartu behar du, eta ondoren fiskalak eta presoak berak helegitea jar lezakete.

Adibide gisa, 2012. urtean Barne Ministerioak Andoni Diaz Urrutia eta Jose Manuel Fernandez Perez presoei ezarri zien hirugarren gradua. 'Langraiz bideko' presoak dira biak.

Epaileekin eta fiskalekin esku hartzeaz gain, Espainiako Gobernuak duen eskuduntza zuzen bakarra presoen espetxeak erabakitzea da. Hori horrela, ETA behin betiko desegin eta gero, sakabanaketa bukatu egingo duela aurreratu zuen Mariano Rajoreyn Exekutiboak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea