Politika -

Krisia Nafarroan

Batzordeak 'azkeneraino' ikertzea eskatu du Barcinak

Nafarroako sozialisten erabakia beste erkidegoetara zabaltzen bada, PSOE egoera zailean egongo da, eta horren ardura PSNri egotzi dio Nafarroako presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerketa batzordeak Foru Ogasunean gertatutakoa "azkeneraino" ikertuko duen itxaropena daukala adierazi du Yolanda Barcina UPNko eta Nafarroako presidenteak. Gainera, PSOE "estutzea" egotzi dio PSNri, Nafarroako sozialisten erabakia beste erkidegoetara hedatzeko arriskua zabaldu duela iritzita.

Cadena Ser irratiak egindako elkarrizketa batean Barcinak zehaztu duenez, Nafarroako sozialistek ez dute inolako kontseilariren dimisioa eskatu, baizik eta "Gobernu oso baten dimisioa"; gainera, Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak Lourdes Goicoechea kontseilariaren kontra egindako akusazioetan oinarrituta egin dute, "baieztatu gabeko akusazioak" badira ere.

Nafarroako buruaren arabera, PSNren "irizpidea oso bestelakoa" da PSOEk Espainian duenarekin alderatuta, eta Nafarroako sozialisten erabakia beste erkidegoetara zabaltzen bada, PSOE "egoera zailean" egongo dela eta horren ardura Roberto Jimenez sozialista nafarren idazkari nagusiak izango duela gaineratu du.

Ikerketa batzordearen harian, "bide orria zehaztuta dago" eta "justifikazio bat bilatu behar da", esan du Barcinak. Nafarroako presidentearen ustez, "batzordea helburu bat lortzeko aitzakia bat da", eta "PSNk iragarritako 15 eguneko epea betetzen ari da"; oposizioko taldeek, hortaz, "akordioren bat badute dagoeneko".

Edonola ere, Barcinak baztertu egin du dimisioa ematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea