Politika -
Polizia operazioa
ETAko bi ustezko kide atxilotu dituzte Mexikon
Juan Jesus Narvaez Goñi eta Itziar Alberdi Uranga Europar Batasunak egin zuen terrorista bilatuenen lehen zerrendan zeuden.
Erredakzioa
Mexikoko Poliziak, Informazio Polizia-Etxe Nagusiarekin elkarlanean, Jesus Narvaez Goñi "Pajas" eta Itziar Alberdi Uranga "Maria" ETAko ustezko kideak atxilotu ditu, Puerto Vallartan (Jalisco), terrorismoaren aurkako indarrek adierazi dutenaren arabera.
Narvaez Goñi eta Alberdi Uranga Europar Batasunak egin zuen terrorista bilatuenen lehen zerrendan zeuden. 22 urte zeramatzaten ihes eginda, Poliziak urtebetean 18 hilketa egin zituen ETAko taldea (Ekaitz taldea) desegin ostean.
Terrorismoaren aurkako indarrek adierazi dutenez, Narvaez Goñi (1961) ETAko Nafarroa eta Ekaitz taldeetako kide ohia da. Espainiako Justiziak hura bilatzeko agindu ugari eman zituen, nazioarte mailako lau, eta atxilotzeko bi, hilketa, bortxazko lapurreta eta hilketa saiaketak egotzita.
Barne Ministerioak, besteak beste, 1982ko apirilaren 17an Polizia Nazionalaren tanketa baten aurka egindako atentatua (pertsona bat hil zen horren ondorioz) eta 1984ko apirilaren 13an Iruñean bonba-auto batez bi polizia hil zituen atentatua egozten dizkio. Horrez gain, 1984ko maiatzaren 27an Luis Ollo Ochoa Guardia Zibileko kapitainaren hilketa ere egozten dio.
Alberdi Uranga (1963) Madril taldeko kidea izan zen 1987tik 1990era, aurretik aipatutako iturriek azaldu dutenez. Garai hartan hainbat ekintza terrorista leporatzen dizkiote. Gainera, 1991n Ekaitz taldeko kidea izan omen zen (Narvaez Goñirekin batera), eta, besteak beste, 1992ko urtarrilaren 15ean Manuel Broseta Ponsen hilketan parte hartu izana leporatzen diote.
Espainiako Justiziak Alberdi Uranga bilatu eta atxilotzeko lau agindu eman zituen, eta Baltasar Garzon epaileak beste lau eman zituen nazioartean, hilketa egotzita; azkena, 2001eko otsailaren 14an.