Politika -
Ultimatuma Barcinari
Lourdes Goicoechearen kudeaketa ikertuko du Nafarroako Parlamentuak
Nafarroako Parlamentuak Lourdes Goicoechea presidenteorde eta Ekonomia kontseilariak Ogasunean “irregulartasunak” egin zituen ala ez ikertzeko batzordea sortzea onartu du gaur aho batez.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak Lourdes Goicoechea presidenteorde eta Ekonomia kontseilariak Nafarroako Ogasunean “irregulartasunak” egin zituen ala ez ikertzeko batzordea sortzea onartu du gaur aho batez.
Idoia Nieves Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak dimititzeko bere arrazoiak azaltzean Lourdes Goicoechea kontseilariaren harian egindako salaketak eztabaida handia piztu du Nafarroan. Besteak beste, "muturra sartzea" eta etengabeko "esku-sartzeak" leporatu zizkion Ogasun zuzendari ohiak Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariari.
Nievesen agerraldiaren ostean, oposizioaren gehiengoak Parlamentuan ikerketa batzorde berezi bat sortzea eskatu zuen eta gaur proposamena talde guztien babesarekin aurrera atera da, baita UPNren botoekin ere.
Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak gainerako alderdiei batzorde horren ondorioak “aurretik eginda” izatea egotzi die. Garciaren ustez, “funtsezkoa” da Ogasunarenganako herritarren konfiantza mantentzea eta, horrenbestez, UPNk ere ikerketa batzordea sortzearen alde egitea erabaki du.
Hala ere, batzordea sortzea “aitzakia” besterik ez dela gaineratu du UPNko ordezkariak. Egindako “akusazio larrien” aurrean, ikerketa talde horren lana ez desbideratzea eskatu die gainerako taldeei. “Hala ere, UPNrekin amaitzeko erabakia hartuta dago”, gaineratu du.
Goicoechearen aurkako akusazioak “lehenbailehen argitu behar diren susmoak” direla azpimarratu du Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak. Horrez gain, Goicoecheari egindako akusazioak UPNko Gobernuaren konfidantzazko kargu ohi batek, eta ez oposizioak, egin zituela gogoratu du.
PSNren ustez, Nafarroak ez du “egoera honetan jarraitzeko gaitasunik”. “Nafarroako irudiari kalte handia egiten ari dira”, adierazi du. Ikerketa batzordeak 15 egun izango ditu akusazioak aztertzeko eta, sozialisten iritziz, “ezinezkoa da” lantalde horri denbora gehiago ematea.
Maiorga Ramirez Bilduko ordezkariaren ustez, Nafarroak une “historikoa” bizi du, eta egungo aro politikoa amaitutzat jo du. “Bildutako zikintasun guztia garbitzeko unea iritsi da, gizarteari logela guztiak ireki behar dizkiogu”, esan du.
"Munduko demokrazia aurreratuenetan, gobernu batek egoera honetan hauteskundeetara deituko luke", adierazi du.
Bestalde, Patxi Zabaleta Aralarreko ordezkariak adierazi du ikerketa batzordea sortzea albiste "ona" izango dela Nafarroako egoera argitzeko. Bere hitzetan, ustelkeriaren aurkako borrokan ez da "nahikoa" izango, baina "nahitaezkotzat" jo du Idoia Nievesen akusazioak ikertzea. "Nievesen hitzak egia diren zehaztea beharrezkoa da, baina irregulartasunak ohikoak zirela ere argitu behar dugu", esan du.
Salatutakoa "lehenbailehen" argitzeko beharra azpimarratu du Enrique Martin de Marcosek (PPN) eta Barcinaren Gobernuari “irmotasun eta sinesgarritasun” falta egotzi dio. “Irregulartasunak egin direla frogatzen bada, egoera oso-oso larria da Nafarroako Gobernuarentzat”, esan du.
Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) ere salatutakoa “oso larria” dela goraipatu du eta ikerketa batzordeak gertatutakoa “goitik behera” aztertu beharko duela azpimarratu du.
Azkenik, Manu Ayerdi Geroa Baiko ordezkariak adierazi du Nievesen hitzek “sinesgarritasun kutsua” badutela.