Politika -

Europako Hauteskundeak

Europako hauteskundeei buruzko galderak eta erantzunak

Noiz izango dira hauteskundeak? Zenbat eurodiputatu aukeratuko dituzte? Zeintzuk dira parlamentarien eginkizunak? Horiek dira herritarren artean gehien errepikatzen diren galderak.

Europako Parlamentua.
Europako Parlamentua.
Europako Parlamentua.

G. PALACIOS | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Noiz izango dira hauteskundeak?

Hauteskundeak 2014ko maiatzaren 22a eta 25a artean izango dira. Europar Batasuneko Estatu bakoitzak erabakitzen du eguna. Espainian maiatzaren 25ean izango dira eta 54 eurodiputatu aukeratuko dituzte.

Europako Hauteskundeak bost urtean behin deitzen dira.

Zenbat eurodiputatu aukeratuko dituzte?

Orain arte 766 parlamentari aukeratzen ziren, baina hemendik aurrera 751 izango dira.

Eserleku kopurua herrialde bakoitzak duen biztanleriaren araberakoa da. Estatu bakoitzak kopuru zehatz bat ezarrita dauka; gehienez 99 eserleku izan daitezke eta gutxienez sei.

Zeintzuk izan ziren aurreko hauteskundeetako emaitzak?

2009ko ekainaren 7ko hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: Alderdi Popularrak 22 diputatu lortu zituen; PSOEk, 18; Europaren aldeko Koalizioak (CiU eta EAJ), 2; IUk eta Iniciativa per Catalunya alderdiek osatutako koalizioak, 2; eta ERCk zuzendutako Herrien Europa-Berdeak koalizioak, 1.

Nolakoa izango da Durao Barrosoren ordezkoaren aukeraketa?

Europar Batasuneko kideek Jose Manuel Durao Barrosoren ordezkoa hautatu beharko dute 2014ko udazkenean. Bada, Lisboako Itunaren arabera, lehenengo aldiz Europako Hauteskundeetako emaitzak kontuan izanda egin beharko dute aukeraketa hori.

28 estatu kideek aurkeztutako hautagaitzak Europako Parlamentuaren babesa izan beharko du.

Zein da Parlamentuaren funtzioa?

Europako Parlamentu berriak datozen bost urteetan indarrean izango diren araudiak zehaztuko ditu, merkatuari eta ekonomiari lotutako gaietan nahiz pertsonen askatasunen esparruan.

Europar Batasuneko urteko aurrekontuak ere egin beharko ditu. Horrelako gaiak Europako Kontseiluarekin elkarlanean adosten dira.

Horrez gain, Parlamentuaren eginkizuna da Europar Batasuneko gainerako erakundeak fiskalizatzea eta ikuskatzea.

Herritarren kexak bideratzeko ardura ere badauka, eta, ondorioz, horiek Europako agenda politikoan sartzeko ahalmena dauka.

Zeintzuk dira eurodiputatuaren ardurak?

Diputatuek Bruselan, Estrasburgon eta bere hautesbarrutian egiten dute lan.

Bruselan, Parlamentuko batzordeetan, talde politikoen batzordeetan eta osoko bilkuretan parte hartzen dute. Estrasburgon ere osoko bilkurak egiten dituzte, hilero-hilero.

Horrez gain, diputatu bakoitzak dagokion hautesbarrutian ere lan egiten du.

Diputatuak talde politikoetan daude bilduta, eta ez naziotasunaren arabera.

Zein da Europako Parlamentuaren egoitza?

Europako Parlamentuak bi egoitza ditu; bata, Estrasburgon (Frantzia), eta bestea, Bruselan (Belgika). Estrasburgokoa da egoitza ofiziala; hilero egiten dituzte osoko bilkurak (lau eguneko saioak izaten dira). Bruselan, berriz, batzordeen eta talde politikoen batzarrak egiten dituzte, baita osoko bilkura osagarriak ere.

Horrez gain, Europako Parlamentuaren Idazkaritza Nagusiaren egoitza Luxenburgon dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea