Politika -
Erreakzioak
'PPren eta Gobernuaren txanda da', esan du EH Bilduk, agiriaren ostean
Agirrezabalaren esanetan, ETAk "argi utzi du sektore batzuk urratsak ematen ari direla eta beste batzuk ez".
Erredakzioa
Juanjo Agirrezabala EH Bilduren legebiltzarkidearen hitzetan, "PPren eta Gobernuaren txanda da", eta haien "itxikieria eta immobilismoa" kritikatu du.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, abertzaleak gogoeta egin du ETAren azken agiriaren inguruan.
Agirrezabalak, halaber, gaineratu duenez, euskal gizartea "ekintzak" eskatzen ari da eta ETAk "argi utzi du sektore batzuk urratsak ematen ari direla eta beste batzuk ez".
Agiria
"Laster" prozesuari "ekarpen esanguratsuak" egingo dizkiola iragarri du ETAk Gara egunkariari igorritako agiri batean. Egunkariak agiri osoa gaur argitaratu du.
Azken hilabeteetako gertakarien errepaso zabala egiten du ETAk agirian. Gara egunkariaren arabera, "Estatuen blokeo saiakeraren aurrean Euskal Herrian aurrera egiteko aukera interesgarriak azaldu direla uste du ETAk, besteak beste, EPPkren jarrera, Foro Sozialak martxan jarritako Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordea eta urtarrilaren 11n Bilbon egindako manifestazioa aipatzen ditu. 'Inflexio puntua' izatea espero du ETAk eta ondorioak izaten hasi dela uste du". ETAren iritzian, "Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio erraldoienari ohiko harrokeriaz erantzun dio Espainiako Gobernuak: ez mobilizazio batek ez bik ez dute Espainiako Gobernuaren politika aldaraziko. Areago, PP-ko agintariak eraso gehiago iragartzen ari dira".